• 15
    AZA
    Gogoeta prozesua aurkeztu du EHEk Donostian
    Donostian egindako aurkezpena
    "Izan, egin eragin, Euskal Herrian euskaraz" leloarekin, herritarron parte hartzea sustatu, eta, bereziki, herritarron ahalduntzetik aldaketak eragiteko asmoa du eragile euskaltzaleak. Abenduaren 3an euskaldunok egunerokoan bizi ditugun gatazka agerian utzi nahi dituzte

    Denbora luzea daramagu euskaldunok, bigarren mailako herritarrak garela esaten gure herrian. Bada egoera horrekin bukatzeko garaia, aurrera begiratzekoa. Euskaldunok gure herrian euskaraz bizi nahi badugu, gure buruari besterik ez diogu begiratu behar. Euskaldun eta burujabe jokatu behar dugu, herritar bakoitzak dugulako aldaketak eragiteko ahalmena.

    Gaurkoan aurkeztera gatozena, ez dugu ekimen isolatu moduan kokatu nahi. Euskara, euskalgintzak eta oro har Euskal Herriak bizi duen berregituratze prozesuan baizik. Noraezari aurre egin, egungo egoerara egokitu eta herritarron egitetik euskaldunok bizi dugun hizkuntza gatazka askatzea da gure asmoa. Aldaketarako gakoa, herritarren ahalduntzean dagoelako, euskararen alde egotetik, euskararen alde egitean. Horrela jokatuz, beharrezkoak diren aldaketa politikoak ekarriko ditugula sinetsita gaudelako.

    Euskal Herrian Euskarazek ere, egoera horretara egokitu nahi du. Horretarako, kurtso honetan egingo dugun “IZAN, EGIN, ERAGIN, EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ” gogoetaren berri eman nahi dizuegu. Aldaketak eragin nahi dituen gogoeta, herritarron parte hartzea sustatu nahi duena, eta bereziki herritarron ahalduntzetik aldaketak eragin nahi dituena.

    Gaur hemen batu garen herritarrok bide hori jarraitzearen beharra azpimarratu nahi dugu. Euskaraz bizi bidean, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasa beharra dugula, esatetik egitera. Bada hizkuntza gatazka gainditzeko premia, eta horretarako euskaldun eta burujabe jokatzeko garaia da. Euskaldun izan, euskaraz egin, aldaketak eragiteko.

    Horregatik gaurkoan, abenduaren 3an egingo dugun ekimenaren berri eman nahi dizuegu. Abenduaren 3an euskaraz biziko gara. Egia esan, ez gatoz ezer berria egitera, dagoeneko euskal herritar askok hautu hori egina dutelako. Aldaketak eragin nahi baditugu, praktika sumisoa gainditu, eta praktika burujabearen aldeko hautua da indartu nahi duguna. Gure ekimenarekin euskaltzaleengan eragin nahiko genuke, aldaketak eragiteko euskaldunok iniziatiba hartu beharra dugula erakutsi, vaina baita euskaltzale erdaldunengan eta hauen jarrera erosoan eragin, hizkuntza eskubideen bermean eragin, edota egunerokoan euskaldunok bizi ditugun gatazkak agerian utzi nahi ditugu.

    Euskaraz bizitzea norbanakoaren determinazioa bada ere, ezin dugu kolektiboa ahaztu. Aldaketak tamainan emateko komunitate moduan jokatu behar dugu. Ideia hori indartzeko planteatzen dugu abenduaren 3an ekimena, ez soilik euskararen nazioarteko eguna delako. Gure asmoa egunero euskaraz bizitzea baita. Abenduaren 3an komunitatea batu eta indartzea da gure helburua. Horregatik dei egiten diogu euskaltzale orori gurekin batera euskaraz bizi daitezen, eta guk egingo dugun bezala, egun horretan beraien esperientziak eta eguneko gertaerak sare sozialetan zabal ditzaten. Hori izango baita gure asmoa. Egun horretan egin eta gertatzen zaiguna sare sozialetatik zabaltzea. Horretarako #EgotetikEgitera traola erabiliko dugu.

    Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasa behar dugu. Hizkuntza gatazka gainditu eta euskaldun eta burujabe bizi beharra dugu. Bide luzea egin dugu euskararen aldeko jarrera hauspotzen, askotan entzun ditugu euskararen aldeko mezuak, baina euskararen alde egon esatetik, egitera salto egiteko garaia heldu da. Horretarako herritarrok daukagu giltza, euskaraz bizitzea gure esku dago. Euskaldun izatearen kontzientzia hartu, euskaraz egin, aldaketak eragiteko.

    Donostian, 2015eko azaroaren 14an
    Euskal Herrian Euskaraz