• 25
    MAI
    Euskal Herri euskaldunera iristeko bermerik onena euskaltzaleen protagonismoa da.
    Bazkide kanpaina nazionala abiatu du Euskal Herrian Euskarazek

    Euskal Herri euskalduna eraikitzeko jauzi bat behar dugu. Dinamika sendo bat garatu ahal izateko euskaltzaleen parte hartzea eta ekarpena beharrezkoak dira. Kanpainak tresna bat izan nahi du berreuskalduntze prozesuan jauzia emateko.

    Iaz burututako hausnarketa prozesuaren eztabaida eta erabakien ondorio da kanpaina abian jartzea. Orain arte Euskal Herrian Euskarazen dinamiketan modu batera edo bestera parte hartu duten herritarrei dei egiten diegu bazkide izateko.

    Parean ditugun erronkei aurre egiteko beharrezkoa dugun antolaketa eta bitartekoak bermatuko ditu bazkidetzak. Ekarpen ekonomikoa egitetik harago, asmoa bazkideak ere proiektuaren parte izatea da, bazkideak ere EHE direlako. Horretarako zubiak eraikiko ditugu komunikazioan sakontzeko, elkar elikatzeko eta ekarpenak egiteko aukerak erraztuz.

    Bazkide egiteko bi aukera daude:

    - Herri eta auzoetako taldeen bitartez bazkide fitxa betez.

    - www.euskalherrianeuskaraz.eus atarian bazkideen txokoan izena emanez.

    Bazkide kuota hilean 10 eurokoa izango da, kobraketa bi hilean behin egingo delarik. Honekin batera bazkideek buletin bat jasoko dute EHE-ren eta euskalgintzaren berri izateko.

    Bazkide berriek atera berri dugun "Euskaraz gara" liburuxka jasoko dute opari.

    Guztion artean lortuko ditugu helburuak, denok gara eragile gure egunerokoan baina elkartuta olatu geldiezina sortu dezakegu. Lagundu mesedez kanpainaren berri emanez euskaldun guztiengana iristen.

    EUSKARAZ BIZITZERA GOAZ!

    EUSKARAZ GARA, EHE GARA. EGIN ZAITEZ BAZKIDE!