• 21
    AZA
    Euskararentzat lege babes egokia exijituz agerraldia egin dugu

    Euskaraz bizitzeari ateak ireki! Euskal Herri euskaldunari ateak ireki!

    Euskal Herria aldaketa juridiko-politiko sakonak ekar ditzakeen ziklo politikoan sartua dago bete-betean. Euskarari eta euskal herritarroi modu sakonean eragin ahal diguten aldaketak ezagutu ditzakegu datozen hilabete eta urte gutxitan.

    Euskal Herria zatitzen duten eremu administratibo bakoitzean ezaugarri eta intentsitate ezberdineko aldaketak gertatzen hasiak dira edo horretarako asmoa agertzen ari dira indar politiko anitzak. Honela, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa aintzat hartzen dituen Euskal Herri Elkargoa sortu berri da, honek zertan gauzatuko den ikusteko dagoen hizkuntza-politikaren eskumenak bereganatzeko asmoa adierazi duelarik. Nafarroan, udan gertatutako Euskararen Legearen erreforma mugatuaren ondoren, legea osoki berrikusteko adierazpena onartu berri du Nafarroako Parlamentuak, datozen hilabeteetan abiatu beharko litzatekeena. Azkenik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa biltzen dituen autonomi erkidegoan autonomi estatutua berritzeko urratsak ematen hasiak dira, Eusko Legebiltzarrean berariaz sortutako autogobernu batzordean. Egitasmo hauei espainiar zein frantziar estatuen lurralde eta administrazio berrantolaketa urratsak edo asmo adierazpenak gehitu behar zaizkie.

    Euskararen berreskurapen-prozesuaren nolakotasuna hurrengo hamarkadetan baldintzatuko duten aldaketa sakonak izango dira arestian aipatutako horiek. Era berean, aldaketa horien araberakoa izango da euskaldunon hizkuntza-eskubideen modu bateko ala besteko onarpen eta babesa. Finean, euskararen etorkizuna baldintzatu eta euskaldunok euskaraz normaltasunez bizi ahalko garen ala ez ezaugarrituko duten aldaketa juridiko-politikoak izan daitezke.

    Euskal Herrian Euskarazen ustez indarrean dauden marko juridikoak eta legediak goitik behera aldatu behar dira. Baita norabide egokian aldatu ere. Aldaketok euskararen normalizazioa erdiesteko marko juridiko egokia egituratzeko baliagarriak izan behar dira, beraz, euskaldunon hizkuntza-eskubideak osoki euskararen lurralde osoan aintzat hartu eta babesteko aldaketak izan behar dira.

    Zeren eta euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen ikuspegitik gure egunerokotasuna egun arautzen duten konstituzio, estatutu eta legeen balantzea negatiboa besterik ezin da izan. Araudi hauek euskararen lurraldea zatikatu, euskara mendeko egoeran kateatu, euskaldunon eskubideak urratu eta, nagusiki, euskararen berreskurapena eta normalizazioa ahalik eta gehien oztopatzeko helburuarekin osatu baitziren sorreratik bertatik. Araudiok ez diete erantzuten ez euskarak bizi duen egoera larriari, ezta euskaldunon borondateari ere. Azken batean, Euskal Herriaren berreuskalduntzea ezinezko egitasmo bilakatzeko egituratu dira. Honela, araudi horien ondorio zehatzak dira adibidez belaunaldi berrien zati handi bati euskararen ezagutza ukatu izana, helduek euskara ikasteko ordaindu behar izatea, administrazioa euskaraz soilik funtzionatzeko debekua, zerbitzu publiko gehienetan euskararen presentzia urria izatea eta abar. Gainera, araudi mugatzaile horien zirrikituak baliatuz, egin ditugun euskararen aldeko urratsak estatuentzat onartezinak ziren mugetara hurbildu izan direnean, salaketa eta errekurtso judizialen bidez argi eta garbi oroitarazi digute euskaldunoi euskaraz bizitzeko nahiari mugak non ezarriak dizkiguten.

    Azken hamarkadetan euskararen berreskurapenean lortutakoa euskaltzaleen ekimenez izan da hein handian. Instituzio eta arduradun politikoek euskararen aldeko neurriak hartu izan dituztenean, herritarron presioari erantzunez izan da, eta ia beti, herritarren nahia eta eskaerak kontrolpean izan eta desitxuratzeko.

    Ekimen horri esker aurreratutakoa nabarmena den arren, aipatu muga juridiko estruktural horiek hor diraute, nahiz eta egunerokotasunean ikusezinak izan. Euskaldunoi ezartzen zaizkigun kristalezko muga horien barruan euskararen berreskurapenean urrats gehiago egin ahalko ditugun arren (eta horiek egiteko borrokan jarraitu behar dugu), muga horiek apurtu eta euskararen berreskurapenerako eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen babeserako araudi egokia egituratu bitartean ezinezkoa izango dugu euskararen normalizazio osoa lortu eta euskaraz osoki bizi ahal izatea.


    Lege-babes egokia behar dugu euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko eta Euskal Herri euskalduna eraiki ahal izateko.

    Egoera horretan, euskaldunon bizitza arautzen duen marko juridikoan aldaketak gertatzera doazenean, euskararen estatusean norabide egokian aldatzeko unea da, EHEren ustez. Hizkuntza-eskubideen urraketa sistemikoarekin amaitu eta osotasunean bermatzeko aldaketa behar dugu, euskara normalizaziora hurbilduko duen hizkuntza-politika aplikatzeko baliagarria izango den aldaketa, alegia.

    Estatus aldaketa Euskal Herri osoan gertatzea aldarrikatzen badugu ere, gaurkoan berariaz Euskal Autonomi Erkidegoaren kasua nabarmendu nahi dugu. Eusko Legebiltzarrean osatua dagoen “Euskadiko autogobernua eguneratzeko ponentzian” pixkanaka hurbiltzen hasia da neurrien zehaztapenak egin eta erabakiak hartzeko unera. Ponentzia honen eztabaidagaien artean euskarak izango duen estatusa eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermea zein neurrikoa izango den daude.

    Horregatik, Euskal Herrian Euskarazek bi dei egin nahi ditu:

    Lehenengoa, autogobernuaren ponentzia horretan dauden alderdiei. Euskal Autonomi Erkidegoan bizi garen euskal herritarron hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen eta euskararen mendeko egoera gainditu eta normalizazio osora eramateko beharrezkoak diren neurriak jasoko dituen lege-babes egokia jaso dezatela estatutu berrirako proposamenean. Hau egiteko erabakiak burujabeak izan daitezela, Euskal Herritik kanpoko inolako esku-hartzerik edo inposiziorik onartu gabe. Soilik euskaldunoi baitagokigu aipatu gai horien inguruko erabaki-hartzea.

    Justiziakoa eta demokratikoa baita. Euskarak pairatzen duen mendekotasun eta bazterketa egoeran, eta, euskaldunon hizkuntza-eskubideak estrukturalki urratuak direnean, diskriminazio positiboa berdintasun egoerara iristeko modu bakarra da. Egoera ezberdinean dagoenari ezin baitzaio modu berdinean tratatu.

    Bigarrena, Euskal Herriko herritar eta eragile sozialei, aipatu aldaketak eragitea helburu izango duten aldarrikapen eta presio dinamikekin jarrai dezatela, azken hamarkadetan egin bezala. Baina, aldaketa horiek noiz eta nola gertatuko zain egon gabe, euskara erabili ahal izateko espazioak irabazi eta jada irabazitakoak baliatzeko dei egiten diegu euskaldunei. Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera igarotzeko dei egiten dugu euskaldun oro, hain zuzen ere, herriz herri berreuskalduntzearen aldeko dinamikak abiatzeko gonbidapena luzatzen diegu euskaltzaleei.

    Norabide horretan, azaroaren 24an Eusko Legebiltzarrean Euskararen Legea onartu zeneko 35. urteurrena dela oroituz, Euskal Herrian Euskarazek datozen egunetan mobilizazioak, esku-orri banaketak eta bestelako ekimenak egingo ditu hainbat herritan.


    Estatus juridikoaren edozein aldaketatan jaso beharreko gutxieneko neurriak.

    Beraz, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta euskara berdintasunezko egoerara iritsi eta normalizazioan aurrerapausoa emateko gutxieneko batzuk txertatu behar dira edozein marko juridiko berritan. Euskal Herrian Euskarazen ustez honako neurriak izan behar dira:

    1.       Euskarari estatus juridiko egokia onartuko zaio: ofiziala, bertokoa, nazionala, lehentasunezkoa, eta ezagutu beharrekoa izendatuko da. Honela, euskaldunon hizkuntza-eskubideak aintzat hartuak izango dira.

    2.       Normalizazioa helburu izango duen hizkuntza-politika egokia eta burujabea izango da, kanpo esku-hartzerik gabekoa.

    3.       Indarrean dauden euskararen legeak norabide horretan berrikusiko dira. Euskal Autonomi Erkidegoaren kasuan, 1982 urtean onartutako Euskararen Legea aldatzeko garaia aspaldi heldu zen. 35 urteotan euskal jendartea eta euskararen egoera nabarmen aldatu da; premia berriak sortu diren bezala, urrats ausartagoak emateko oinarria ezarri da eta legeak horiei erantzun eta lege-babes egokia eskaini behar die.

    4.       Euskara zehar-lerrotzat hartuko da maila guztietako gobernuen eta administrazioen antolaketan eta funtzionamenduan.

    5.       Normalizazio osora iristeko (eremu publikoan eta pribatuan) Plan Estrategiko Orokorra adostu eta indarrean jarriko da (nazionala, baliabide nahikorekin, adierazleen bidez ebaluatua, jarraitua), eragile politiko, sozial eta euskalgintzaren artean.

    6.       Instituzioek euskararen normalizaziorako baliabide nahikoak esleituko dituzte, nagusiki ekonomikoak (helburu gisa aurrekontu osoaren % 2 izango da), baita pertsonalak eta bestelakoak ere.

    7.       Administrazioa osoki euskaldunduko da. Herritarrentzako arreta-zerbitzuez gain, administrazioaren lan-hizkuntza bilakatuz ere. Gutxieneko neurri hauek hartuko dira:
    a.       Administrazio bakoitzak normalizazio-plan propioa izango du (egokia, neurgarria, aldizkako balorazioekin, gradualki helburu altuagoekin).
    b.       Abiapuntuzko eta premiazko neurria herritarrentzako arreta-zerbitzuak euskalduntzea izango da.
    c.       Administrazioekin harremana euskara hutsez izan nahi duten herritarren zentsoa osatuko da; eremu euskaldunetan izan ezik, non abiapuntuzko harremana euskara hutsez izango den besterik adierazi ezean.
    d.       Lanpostu publikoetarako deialdi guztiek hizkuntza-eskakizuna izango dute.
    e.       Kontratu publikoetan hizkuntza-irizpideak ezarriko dira.

    8.       Arnas-guneen babes eta zabalpenerako neurriak hartuko dira.

    9.       Belaunaldi berrien euskalduntzea bermatuko da bere osotasunean. Horretarako planteamendu integrala osatuz, hezkuntza formala eta ez formala kontuan hartuz, helburu horri begirako curriculuma osatuz, ahozkotasuna landuz, eta abar.

    10.    Helduek euskararen ezagutza nahikoa eskuratzeko helduen euskalduntzerako eskaintza egokia egitea: doakoa, geografikoki eta ordutegi aldetik eskuragarria,…

    11.    Gainontzeko eremu funtzional guztietan euskararen normalizazioa azkartzeko neurriak jasoko dira: eremu sozioekonomikoan, hedabideetan, hezkuntzako goi mailatan, aisialdian, kulturan, …

    12.    Arreta berezia eskainiko zaie teknologia berriei. Punta-puntako teknologietan (itzulpen automatikoetan, aplikazioetan, softwarean, … ) euskararen aukera egoteko neurriak hartuko dira.

    13.    Norbanakoekiko sustapen-lana egingo da:
    a.       Herritar euskaldunak kontzientziatu, ahaldundu eta aktibatzeko. Lehen hizkuntza-hautua euskararena izatea nagusi bilakatu behar da.
    b.       Herritar ez euskaldunak sentsibilizatzeko eta euskarara erakartzeko.