• 01
    MAR
    Irrati lizentzia banaketetako lehiaketetan, euskara galtzaile
    Euskara ez da lehentasunezko izanen lizentzia banaketan. CC Three Sixteen

    Aurki irrati lizentziak banatuko dira Hego Euskal Herrian. Lehiaketa publiko bidez eginen da banaketa, eta euskara ez da lehentasunezko hizkuntza izanen.

    Nafarroa Garaian eginen den lehiaketa publikoan %5 balioko du euskarak Vascuencearen legeak "eremu misto" izendatutako lurraldean, eta %10 "eremu euskaldun" deritzonean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan banatuko diren lizentzietan, berriz, herena baizik ez dira irrati euskaldunendako izanen. Erabaki hauekin, beste behin ere, euskara bigarren mailan utziko dute Hego Euskal Herriko administrazioek.

    Nafarroa Garaian 44 lizentzia banatuko dira orotara, baina bakar bat ere ez da bideratuko irrati euskaldunei.  Gainera, Iruņean bi baizik ez dira geratuko. Euskalerria irratiak azaldu du "irabaztera" joanen direla, baina ez dago batere argi baimena lortzerik izanen duenetz. 1998. urtean egindako banaketan ez zuen lizentziarik lortu, puntu gehien jaso arren. Auzitegira jo eta, hamaika bira eman ondotik, auzia argitzeke dago oraindik.

    Puntuak lortzeko aukera emanen du euskarak, bai, baina oso balio gutxi izanen du. "Zonalde misto" deitzen duten eremuan 100etik 5 puntu emanen zaizkio euskara erabiltzen duen irratiari. "Eremu euskaldun" deritzonean, berriz, 10 puntu 100etik. Euskalerria irratiak salatu duenez, puntu horiek ez dira ongi banatzen. "Programazioaren %20 euskaraz eginez 5 puntuak eskura daitezke, eta hortik gora programazioaren %50 edo %100 egiteagatik ez dituzte puntu gehiago ematen".

    Bestalde, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuak nabarmendu du euskararen presentzia bermatu nahi duela hedabide pribatuetan. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak banatuko dituen 34 lizentzietatik, 11 baizik ez dira euskarazko irratientzat izanen. Lizentzia horietako hiru Gasteizen banatuko dituzte, bi Bilbon, bi Donostian, eta bana Durango, Getxo, Beasain eta Legazpin.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.