• 10
    API
    Herritarren babesa behar du Bierrik Fundazioak
    Bazkidetza kanpainako irudia

    Sakanako (Nafarroa) Guaixe aldizkaria eta Beleixe irratia egoera ekonomiko zailean dira. Horregatik, inguruetako herritarrei laguntza eskatu diete. '2.000 esker" kanpaina martxan jarri dute, 1.337 bazkide berri erdiesteko.

    "Nafarroako Gobernuak diru-laguntzak kendu ondoren egoera larria eta sostengaezina da". Horrela azaldu du Bierrik Fundazioak bere hedabideen (Guaixe aldizkaria eta Beleixe irratia) egoera ekonomikoa. Joan den urtean ohartarazi genuen euskal hedabideen egoera txarra zela. Hala ere, Sakanako hedabideek tinko eutsi nahi diote lanari. Horretarako, Bierrik fundazioak "2.000 esker" kanpaina jarri du martxan, maiatzaren 7an bukatuko dena. Helburua bazkide kopuru hori lortzea izanen da, hau da, 1.337 bazkide gehiago.

    Urtea 60.000 euroko zorrarekin bukatzea "komunikabideendako akaboa" dela azaldu dute, eta horregatik beharrezkotzat jo dute bazkide berriak lortzeko kanpaina. "Hainbat arlotan murrizketak egin dira, latzena langileen artean egindakoa: kaleratze bat izan da eta bi langileren lanaldiak erdira murriztu dira, horrek gure produktuen kalitatean duen eraginarekin". Gainera, Beleixe irratiak 2 ordu eta erdira jaitsi du emisioa eta kanpainak irauten duen bitartean Guaixek 8 orri izango ditu.

    Hedabideok doan zabaltzen dira Sakanako herritarren artean, eta Guaixe aldizkaria jasotzen dutenen %14a baino ez da bazkide. Aldizkariko webgunean azaltzen denez, bazkide bakoitzak 50 euroko kuota ordaintzen du urtero. Hedabideen etorkizuna ziurtatzeaz gain, Sakanako 70 denda baino gehiagotan beherapenak eta deskontuak dituzte.

    Informazio gehiago Guaixeren webgunean.