• 18
    IRAI
    Ziburuko ikastola aitzina!

    "Egunerokoak, alta, berdintasuna, anaitasuna eta askatasuna biltzen dituen mantra gezurra dela frogatzen du. Berdintasuna beharrean, aniztasuna ukatzen duen uniformizazioa inposatzen zaigu. Anaitasunaren ordez, guztia kontrolatzen duen Anaia Handia. Askatasunaren lekuan, sometimendua, jazarpena baino ez"

    Kaskarotenea, Ziburuko ikastola xume bezain txikia eta bertako 12 ikasleak frantziar nazionalismo zapaltzailearen azken jomuga bihurtu berri dira. Azkena, baina, tamalez, ez bakarra.

    Azken hileotan hainbat izan dira frantziar jakobinismoak herri euskaldunari pasatako errekaduak. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarako departamendu propioaren eskariari muzin. 1.850eko Falloux legeari men, Lekorne, Beskoitze, Hendaiako ikastolak, esaterako, hain beharrezkoa duten babes publiko eta instituzionalik gabe; eta, okerrago dena, Damoklesen ezpatapean. Zer esanik ez Uztaritzeko Herriko Etxeaz eta Uztaritzeko herritarrez, eta hauek euskaraz bizitzeko duten eskubideaz. Euskara ofizial izendatu dutela bertan? Sakrilegio galanta, onartezina. Di-da aktibatu dituzte mekanismo juridikoak.

    Izan ere, (euskara eta) euskaldunok zapaltzen gaituen konstituzio frantsesaren muinean “Liberté, fraternité, egalité” omen dago. Egunerokoak, alta, berdintasuna, anaitasuna eta askatasuna biltzen dituen mantra gezurra dela frogatzen du. Berdintasuna beharrean, aniztasuna ukatzen duen uniformizazioa inposatzen zaigu. Anaitasunaren ordez, guztia kontrolatzen duen Anaia Handia. Askatasunaren lekuan, sometimendua, jazarpena baino ez.

    Guy Poulouk, Ziburuko auzapezak, frantziar nazionalismoaren ikuspegi jakobino horren bandera hartu du. Kaskarotenea ikastolako guraso eta irakasleek aldiz, konkistari aurre egiteko prest daudenena.

    Poulouk ikastolaren aurkako bi salaketa jarri ditu. Epailearen ebazpena nahikoa iruditu ez, eta euskarari, euskaldunoi, egunez egun herri euskaldunaren haziak ereiten dituen Kaskarotenea ikastolari ura, argi-indarra eta hesiak kentzeko prest azaldu da. Nola dateke itxuraz etsai txiki bat baino ez denaren aurka halako herrarekin jardutea?

    Bada, Seaskak Ziburun duen ikastolako 12 haur horiek soilik existitzeak, Poulouk Frantzia ulertzeko duen era jartzen duelako kolokan. Mendez mende Euskal Herria eta euskal herritarrak menderatzeko asimilazio estrategiari aurre egiten ahal zaiola frogatzen dutelako Kaskaroteneako haurrek, gurasoek, irakasleek eta horiei babesa eta elkartasuna agertzen diotenek… Are eta gehiago, gainera, auzapezaren mehatxuei aurre egitea erabaki dutenetik. Eta dugunetik.

    Oraindik orain inperioari eustea xede duten Estatu espainol eta frantsesa aspaldi jabetu ziren jatorrizko herriak kolonizatzeko hizkuntza ordezkapena bultzatzea zela modurik eraginkorrena. Armekin herriak okupa zitzaketen, ez aldiz desagerrarazi. Hezkuntza izan zen orduan, hizkuntza ordezkapena eta azpiratzea lortzeko, estatu menderatzaileek erabili zuten ardatz estrategiko nagusietako bat, horregatik ekin zioten hezkuntza sistema arrotzak ezartzeari.

    Egun, Frantses zein Espainiar estatuentzat, hezkuntzak jarraitzen du izaten hizkuntza ordezkapena gure herrian gauzatzeko estrategiaren gakoetako bat: Wert zein Peillon Ministroen hezkuntza erreformak inposatuz, 1850. urteko Falloux legea aplikatuz, euskarazko irakaskuntzaren kaltetan PAI edota hiru eleko ereduak sustatuz, unibertsitate zein lanbide heziketa erdaldunak ezarriz, “baxoa” euskaraz pasatzea debekatuz... Eta halako neurriekin ere ezin izan dutenean, ikastolak ixteko prest egon daitekeen Poulou bezalako auzapez txontxongiloen laguntza baliatuz.

    Hala ere, erasoak eraso, euskaltzaleok gai izan gara urte luze guzti hauetan euskararen berreskurapenaren bidean aurrerapausoak emateko, eta testuinguru horretan, ikastolen mugimenduak, euskal eskola publiko berriaren mugimenduarekin batera, bere biziko garrantzia izan dute eta dute.

    Ziburuko familien aurkako erasoa, hortaz, ez da eraso isolatua. Logika menderatzaile baten baitan dago.
    Hala, Ziburuko Guy Poulou auzapezaren jarrera jakobino ankerra salatzearekin batera, Ziburuko ikastolako guraso, ikasle zein irakasleei gure babes osoa adierazi nahi diegu EHEtik, eta egun hauetan erakusten ari diren irmotasuna goraipatu nahi dugu.

    Bide batez, ezinbestekoa den elkartasun ekonomikotik harago, Kaskarotenea ikastolaren eta hezkuntza sistema propioaren aldeko defentsan, hizkuntza komunitate gisa erantzun bateratua artikulatzera dei egin nahi diogu euskaldun eta euskaltzale orori; eraso hau, ez ahaztu, kolektibo oso baten aurkako erasoa baita.

    Aitzina Kaskarotenea!

    Sebas Irazoki eta Nestor Esteban, Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.