• 05
    OTS
    Lurraldea eta hizkuntza. Erronka eta tresnak
    Maren Belastegi, Uemako lehendakaria

    Gaur eta bihar II. Hizkuntza eta Lurraldea jardunaldia egingo da Donostiako Carlos Santamaria zentroan.

    Bada urtebete Lurraldea eta Hizkuntza I. Jardunaldia antolatu genuela. Lehenengo ekinaldi hartan, lurralde antolaketak eta hirigintzako proiektuek hizkuntzarengan daukaten eraginaz aritu ginen. Besteak beste, Europako hiru esperientziaren berri jaso genuen, Aland Uharteak, Gales eta Flandriatik etorritako gonbidatuen eskutik; hiru herrialdeotako ordezkariek toki horietan hizkuntza gutxituak sustatzeko egiten dituzten politikak aurkeztu zikiguten. Etxera etorrita, Euskal Herriko kasuak ezagutzeko aukera ere izan genuen, zehazki, Senpere, Zerain, Busturia eta Zubietakoak. Eta jabetu ginen hainbat tokitan gu baino dezente aurrerago dabiltzala.

    Gaian sakontzeko asmoz, lehen jardunaldiko batzorde akademikoak ateratako ondorioei heldu eta lantzeko helburuarekin antolatu dugu Lurraldea eta Hizkuntza II. Jardunaldia. Bigarren saio honen xedea izango da udalerri euskaldunek dituzten erronkak zehaztea eta erronka horiei aurre egiteko lanabesak eskaintzea. Finean, lurralde-antolakuntzan hizkuntza-irizpideak txertatzeko tresna zehatzei buruz jardungo dugu, eta euskararen egungo legezko marko juridikoa aldatzeko beharra aztertuko dugu.

    Euskararen lege mugak ageri-agerian ikusi eta ukitzen ari garen honetan, beharrezkoa da gaia sakon aztertzea. Euskaldunoi bizi garen eremuaren arabera hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu. Edo, hobeto esanda, zenbait eremutan bizi diren euskaldunei ez zaie hizkuntza eskubiderik aitortzen.

    Esaterako, Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Nafarroaren zati batean euskara ez da ofiziala. Eta Uztaritzeko Herriko Etxeak egin bezala euskaldunei dagozkien hizkuntza eskubideak aitortzeko ahalegin oro legearen zamaz zanpatua da. UEMAren izenean, ofizialki beren hizkuntza eskubideak onartzen ez zaizkien herritarrei aitortu eta eskertu nahi diegu euskaraz bizitzeko egiten duten ahalegina. Eta bereziki babestu nahi ditugu, Uztaritzeko Udalaren kasuan bezala, euskara suspertzeko ahaleginean buru-belarri ari diren erakunde, eragile eta herritarrak.

    Bitartean, ofizialki herritarroi hizkuntza eskubideak aitortzen zaizkigun lur eremuan ere kontuak ez daude goxo. Izan ere, sarri askotan administrazio publikoa bera da herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituena. 30 urte inguru igaro dira, bai EAEn eta bai Nafarroan, Euskararen Legea deiturikoak onartu zirenetik. Eta gaur da eguna, administrazio publikoak oraindik ere hainbat zerbitzu ez dituena euskaraz eskaintzen. Bitartean, euskaraz funtzionatzeko gai diren udalak eta, ondorioz, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzen dituzten udalak dira errekerimendu eta helegiteen bitartez susmopean jarri dituztenak.

    Hizkuntza eskubideak zonifikatu egin dituzte, eta hori legezkoa izan badaiteke ere, ez da zilegi. Zonifikatu beharrekoa hizkuntza politika da. Tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa oinarri hartuta egin behar da hizkuntza politika. Eta horretan, euskararen arnasguneak oso kontuan hartu beharrekoak dira. Izan ere, udalerri euskaldunek egiteko garrantzitsua izan dute euskararen biziraupenerako, eta funtzio garrantzitsua joka dezakete hizkuntzaren normalizaziorako.

    Baina zein da euskararen arnasguneen egoera? Zer-nolako bilakaera izan dute? Zein dira bilakaera horretan eragin duten faktore nagusiak? Zer egin beharko litzateke udalerri euskaldunetan euskara suspertu eta euskararen arnasguneak hedatzeko? Galdera horiei, eta beste hainbat galderari erantzuna ematen saiatuko gara Lurraldea eta Hizkuntza II. Jardunaldian.

    Zeharka edo zuzenean arnasguneen inguruan egin diren azterketa guztiek erakutsi dute badela zer eginik euskara nagusi den lur eremuan ere. UEMAren eskutik, Gaindegia eta Soziolinguistika Klusterrak bi ikerketa egin dituzte udalerri euskaldunei buruz: lehena, azterketa sozioekonomikoa eta, bigarrena, bilakaera soziolinguistikoaren ingurukoa. Eta biak aurretik egindako azterketek iradokitzen zutena berrestera datoz. Lurralde eta Hizkuntza II. Jardunaldian aurkeztuko dira azterketa hauen emaitzak. Baina aurreratu dezakegu badela kezkatzeko arrazoirik.

    Benetan uste badugu euskararen normalizaziorako arnasguneak garrantzitsuak direla, arnasgune horietara begira jartzeko unea iritsi da. Udalerri euskaldunek hizkuntza politika bereziak behar dituzte. Eta hizkuntza irizpideak politika orokorraren erdigunean kokatuta soilik indartu ahalko da euskara udalerri euskaldunetan. Bide horretatik, euskararen arnasguneak hedatzea lor dezakegu. Baina horretarako, UEMA eta bertako udalen konpromisoa ez ezik, udalerri euskaldunetan eragiten duten erakunde eta eragileen inplikazioa ere beharko da.

    Maren Belastegi, Uemako lehendakaria

     

    (berria.eus bidez)

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.