• 01
    UZT
    Erdaldun elebakarren horma

    "Euskara hautazkoa, erdara derrigorra. Funtsean, erdaldun elebakarrak euskararen eta euskaldunon kontra erabiltzen ari dira, euskara normaltasunez erabiltzeak ezinezko izaten jarrai dezan".

    Orain dela aste batzuk hasi zuen bere “performance”a Lutxo Egiak. Erronka ez da makala: hilabetez gaztelania “ahaztu” eta euskara hutsean bizitzea.

    Egindako hautuarekiko poza eta harrotasuna sumatu diogu bere blogeko sarreretan. Hala ere, euskaraz bizitzea oztopo lasterketa bihurtu zaio eta bizi izan dituen talkak, arlo publikoan zein pertsonalean, ez dira txikiak izan.

    Horma bat topatu du Lutxok aurrez aurre: erdaldun elebakarrak. Alferrik izango dira eurekin “aldatu txipa”, “poziktibity” eta abarrak. Komunikazio “normala” bermatu nahi izanez gero espaloitik ez jaisteak zaila dirudi. Eusko Jaurlaritzaren kanpainek gustu txarreko broma ematen dute orduan, euskaraz geure “ghetto”an bizitzearekin konformatu beharko garela iradokitzen digute eta.

    Nork bere ardurak ditu euskararen auzian. Euskaltzale askok ere koherentziaz heltzen diogu geure ardurari. Eta erabileran gabeziak egotea (“ghetto”an ez omen dugu behar beste erabiltzen) ezin da aitzakia izan bestelako neurriak ez hartzeko.

    Eskolak oraindik ez du %100ean euskalduntzen. Helduek ere dirutza ordaindu behar dute euskaltegian izena emateko. Zeren zain gaude? Bi korapilo hauei erantzuna ematen ez diotenen ahotan “aldatu txipa” entzutea hipokresia hutsa iruditzen zaigu.

    Orain dela gutxi Idoia Mendiaren ahotan zera entzun genuen: “elebakartasuna inposatu nahi dute beti erdaldunak egongo diren udaletan”. Erdaldun elebakarrak, beraz, euskararen arloan aurrerapausorik ez egiteko aitzakia: euskarak ezin izango ditu egunerokotasuneko funtzio guztiak bete erdaldun elebakarrak ez omen direlako euskaldunduko. Noski, haiek ahaleginak egingo dituzte inoiz euskaldundu ez daitezen.

    Euskara hautazkoa, erdara derrigorra. Funtsean, erdaldun elebakarrak euskararen eta euskaldunon kontra erabiltzen ari dira, euskara normaltasunez erabiltzeak ezinezko izaten jarrai dezan.

    Euskaldunok, berriz, kexatu barik jaisten gara askotan euskararen espaloitik eta horrela geure hizkuntza ikustezin bilakatzen da. Inguruko erdaldun askok ez dute ulertzen (edo ez dute ulertu nahi) geure hizkuntza dela eta normaltasunez bizi nahi dugula. Eta, besterik ezean, euskaldunok geure nahi hori erakusteko aukera dugu. Horretan datza Lutxoren “performance”aren garrantzia: euskarari galdutako ikusgarritasuna (entzungarritasuna) itzultzea lortzen du.

     

    Bilboko EHE

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.