• 19
    UZT
    Euskararen hegemonia askapen prozesuan
    Joseba Alvarez

    JOSEBA ALVAREZ. Ezker abertzaleko kidea

    "Arrakastaren arrazoi nagusia eraiki nahi den herri proiektua zuzentzen duen sektore politiko, sozial eta ekonomikoan hizkuntzaren parametroak duen hegemonian datza"

    Egia esan, joan den asteetan kaleratu diren euskararen egoeraren inguruko emaitza ezberdinek ez gaituzte ustekabean harrapatu gure hizkuntzaren etorkizunarekin kezkaturik gabiltzanok behintzat. Kontrakoa esatea, gezurretan aritzea litzateke. Hori bai, emaitza horiek guztiek gure susmorik txarrenak konfirmatu baino ez dituzte egin.

    Asko izan da idatzi dena. Irakurketak ere mota ezberdinetakoak izan dira. Normalean, norberak bere errealitatetik ikusten dituen hutsune nabarmenenak azpimarratu ditu: diskurtsoa berritu behar da; HEAri garrantzia gehiago eman behar zaio; lan munduaren euskalduntzeari ekin behar zaio; diru laguntzak handitu behar dira; lanbide hezkuntzari eutsi behar zaio; ereduen birmoldaketa behar da, euskal hedabideak indartu behar dira... Beste batzuk emaitza erlatibizatzen saiatu dira, erabilera nagusia 15 urtetik beherakoengan ematen dela azpimarratuz eta beraz dena ez dela txarra; gaurko euskaldunak eta lehengoak ezberdinak direla, oraingoa alfabetatua direlako; erabilera optimoa dela euskaldunok euskaraz bizitzeko ditugun baldintzak kontutan izanik; leialtasun handikoak garela; ingurumen honetan erabilerari eustea ez dela gutxi... Baina salbuespenak salbuespen, irakurketak irakurketa, bada guztiaren gainetan nagusitzen den ondorioa: horrela ez dago jarraitzerik. Nik behintzat gauza bat garbi daukat, ardura guztiona da, baina egoera honen errudun nagusiak 30 urtetan hizkuntz politika hau bideratu eta babestu dutenak dira. Eta hori ere esan eta azpimarratu behar dugulakoan nago.

    Lehen mailako gertakari sozial gisara, desager ez dadin, euskarak bere erreproduziorako mekanismo guztiak behar ditu bere lurraldean, Euskal Herrian: ideologikoak, legalak, sozialak, ekonomikoak, instituzionalak, kolektiboak, pertsonalak, formalak, informalak... arazoa integrala delako, irtenbidea bezalaxe.  Nahikoa aldagai da hauetako batek edo batzuek huts egitea, hizkuntza galbidean jartzeko. Bitartean Hizkuntza Politika alorreko atal ezberdinetan egiten diren ahalegin guztiak baliagarriak diren arren, Hizkuntz Politika horrek ez du euskararen normalizazioa bermatzeko gaitasunik izango. Hori egiten ez dugun bitartean, Irlandaren bidetik gertuago gaude Flandria edota Quebeceko bidetik baino.

    Eta Quebec eta Flandria ez dira oraingoz Estatu libre bihurtu, baino inork ez du dudarik hala izatekotan Quebecen frantsesa hizkuntza nagusia eta normalizatua izango dela eta Flandrian  nederlandera. Eskoziak berriz, Irlandaren bideari eutsiko dio, Estatua lortuta ere, ingelesez funtzionatuko du nagusiki. Zertan datza lau eredu hauen aldea? Zergatik batzuen arrakasta eta besteen porrota. Batzuk abiapuntuan zegoen ezberdintasuna aipatuko dute. Arrazoietako bat hori izan liteke. Baina hori al da arrazoi nagusia? Ezezkoan nago. Beste batzuk biren hizkuntza jadanik normalizatuak eta ofizialak direla esango dute, beste estatu batean bada ere. Eta hori ere egia da, baina ez dut uste horretan dagoenik arrakastan edo porrotaren iturria, Israeldarrek jarri duten eredua ikusirik. Nire iritziz arrakastaren arrazoi nagusia eraiki nahi den herri proiektua zuzentzen duen sektore politiko, sozial eta ekonomikoan hizkuntzaren parametroak duen hegemonian datza. Beste hitzetan esanda, bai Quebecen eta baita Flandrian ere, askapen prozesua zuzentzen duten sektore politiko, sozial eta ekonomikoen baitan hizkuntzaren parametroak hegemonia osoa du: Quebec frankofonoa da eta Flandria nederlandfonoa. Horregatik hizkuntzaren normalizazioak lehentasun osoa eta zentrala du beren prozesuetan. Jarrera horrek ziurtatuko dizkio frantsesari Quebecen eta nederlanderari Flandrian ezinbestekoak diren erreproduziorako mekanismo guztiak. Ez da gauza bera gertatzen ez Irlandan eta ezta Eskozian ere. Eta, Euskal Herrian? Argi dago gaur gaurkoz euskara ez dela hegemonikoa Euskal Herriko askapen prozesuan.

    Euskaldunoi dagokigu hori horrela izan dadin behar den herri presioa toki guztietan eragitea.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.