• 15
    URT
    Txillardegiren idazlanak digitalizatuko dituzte
    Txillardegi EHEk egindako omenaldian

    Pentsalariaren ia 1.000 laneko "ondare galanta" 2016aren amaierarako egongo da eskuragai, sarean.

    Txillardegiren idazlan argitaratu guztiak bildu eta digitalizatzea hitzartu dute Jakinek eta Gipuzkoako Diputazioak. Atzo egin zuten egitasmoaren aurkezpen ekitaldia, Txilardegiren heriotzaren hirugarren urteurrenean.

    Joan Mari Torrealdai Jakin fundazioko lehendakariak ekitaldian nabarmendu zuenez, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929-2012) "gauza asko izan zen batean". Pentsalaria, irakaslea, idazlea, nobelagilea, linguista, soziolinguista, kazetaria... Berritzailea, gainera, landutako alor gehienetan. Politikan, Torrealdairen ustez, abertzaletasun klasikoa abertzaletasun berrira ekarri zuelako; pentsamenduan, existentzialismoa euskal letretan txertatu zuelako; ideologian, sozialismoa eta abertzaletasuna askatasunean uztartu zituelako, eta hizkuntzan, euskararen normalizazioaren eta modernizazioaren bultzatzaile eta eragile nagusia izan zelako. Besteak beste, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzalearen sortzaileetako bat izan zen.

    Landutako alor horiek idazlanetara eraman zituen Txillardegik, "ondare galanta" utziz, Jakin fundazioko lehendakariaren esanetan. Egun, baina, "inor gutxik ezagutzen du Txillardegi osorik, inork ez esateagatik. Batzuek ezagutzen dute bere alderdi politikoa; beste batzuek filologikoa, linguistikoa...". Digitalizazioaren bidez urrats kualitatibo handia emango da: "haren ekoizpen intelektual, kultural eta soziopolitikoa eskuragai egongo da oso-osorik eta sekretutik gabe".

    Pentsalariaren obrak osatuko du hori, baina Torrealdairen iritziz, Txillardegiren bizitza bera da obra bat. "Hor dago bere koherentzia, konpromisoa eta entrega, euskararen eta herriaren alde. Txillardegi eta konpromisoa gauza bera da". Euskalgintza modernoari bideak irekitzeko hautuari oso gazte zela heldu zion: "Bere garaikideen aurretik, bera izan zen aurrenekoa herrigintzan eta kulturgintzan euskarak lehentasuna izan behar zuela esan zuena. Bera da euskara batuaren guraso behinena".

    "Deskubritu beharreko pentsalari handi bat" da Txillardegi, Lorea Agirre Jakineko zuzendariaren arabera. "Egia da haren lana ez dugula askorik ezagutzen, ez direlako horretarako transmisio bideak jarri". Agirrerentzat, gainera, "oraindik ere nobedosoak dira" pentsalariak bere garaian egin zituen planteamendu eta tesi asko. Jakin aldizkariko zuzendariaren ustez, kale, eraikin edo plaza bati norbaiten izena jartzea erraza eta ikusgarria da; "hau, ordea, benetako omenaldia da". Onena, ez dezagun ahaztu, garaipena.

    Txillardegiren heriotzaren hirugarren urteurrena bete zen atzo. Omenaldia egingo diote, etzi, Donostiako Lasala plazan (11:00).

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.