• 02
    MAR

    Eragileei dei egin die Kontseiluak, euskararen alde elkarrekin aritzeko: "Bada garaia modu bateratuan lan egiteko".

    Oztopoen gainetik euskaraz bizitzeko deia egin dute milaka herritarrek
    JON URBE / ARGAZKI PRESS

    Oztopoen gainetik euskaraz bizitzeko determinazioa erakutsi zuten larunbatean milaka euskaltzalek. Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lelopean, azken hilabeteetako salaketa katearen aurka egin zuten protesta bertaratu zirenek.

    Jomugan jarritako erakundeetako baten aurrean hasi zen manifestazioa: Gipuzkoako Diputazioaren atarian. Euskalgintzako ordezkaritza handia elkartu zen: Kontseilukoak, BERRIA Taldekoak, AEK-koak, Uemakoak, Euskal Herrian Euskaraz-ekoak, Bai Euskarari-koak, besteak beste. Euskara bultzatzeagatik salatu dituzten hainbat udaletako alkateak ere elkartu ziren manifestaziora.

    Zerrenda zehatzik ez dago, baina dozenaka erakundetara heldu dira salaketak eta errekerimenduak euskara bultzatzeko erabakiak hartu dituztelako. Carlos Urquijok jarri du zeresana, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen ordezkariak, auzitara jo baitu batagatik eta besteagatik: kontratu publikoetan hizkuntz irizpideak sartu dituztelako, aktak euskaraz bidali dizkiotelako, euskara lehenesteko neurri batzuk hartu dituztelako... Gipuzkoako Diputazioa ere eraman du auzitara, euskara planagatik eta Seaskako ikastolei laguntzeagatik —auzi hori irabazi egin du, gainera, eta 600.000 euroak itzuli beharko ditu Seaskak—.

    Ez da bakarra Urquijo. Nafarroan, Baztango Udala salatu du gobernuak, euskara lehenesteagatik udalean. Lapurdin, euskara ofizialtzat hartzea galarazi egin diote Uztaritzeko Herriko Etxeari.

    Euskararen aurkako neurri horiek, hala ere, ez dira orain hasiak, Bilbaok ohartarazi zuenez. Espainiako eta Frantziako gobernuak mezu bat bidali nahian ari direla uste du: “’Ez zarete nor zuen hizkuntzaren inguruan ezer erabakitzeko'". Bilbaok ohar egin die, ordea: "Benetan uste al dute horrela lortuko dutela herri honetan euskaraz bizitzeko dagoen nahia apaltzea?".

    Frantsesaren eta gaztelaniaren hegemonia bermatu nahian ikusten ditu Frantzia eta Espainia, eta haien bidelagun Nafarroa. Bozetarako hiru hilabete eskas falta diren honetan, ohar argia egin zuen Bilbaok: "Nafarroan benetako aldaketa egongo da, baldin eta hizkuntza politikan egiturazko aldaketak gertatzen badira. Bestela, ez dezala inork aldaketaz hitz egin". Datorren hilean, apirilaren 25ean, ekitaldi bat egingo du Kontseiluak Iruñean, eta hizkuntz politikan zer aldatu behar den azalduko du.

    Oztopoen gainetik euskaraz bizitzeko, euskal herritarrek berezkoa duten kemena gogora ekarriz, elkarlanerako deia egin zuen: "Denok batera joko bagenu, nahikoa indar izango genuke oztopo horiei edota horiek baino gogorragoei aurre egiteko". Bilbaoren esanetan, batasunak ez lituzke debekuak etengo, baina "antzu" bilakatuko lituzke. Horregatik eskatu du adostasuna: "Zeinek bere esparrutik egin behar dio aurre. Dei egin nahi diegu eragile horiei guztiei, behingoz bat egin eta denok elkarrekin jarduteko".

    Hainbat udal, gaurdanik burujabe

    Hainbat udalek gobernuko ordezkariaren eskaerei muzin egin, eta hautu burujabea eginez, beren jarduna euskaraz egiten jarraitzea erabaki dute.

    Oñatiko alkateak nabarmendu zuenez, “gure hizkuntza politikak zeintzuk izan behar diren eta nola gauzatu behar ditugun erabakitzeko askatasuna nahi dugu. Ez dugu onartuko kanpotik beste inork erabaki dezan".

    Herritarren nahiak eta eskubideak babesten ari direla adierazi zuen Oñatiko alkateak, eta herritarren garrantziaz ohartarazi zuen Bilbaok: "Milaka herritarrek, euskaraz bizitzeko nahiari eutsiz, euskaraz biziz, aurre egiten diete helegite, debeku eta enparauei".

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.