• 12
    MAR
    Espainiako Kultura Ministerioak Donostia 2016 salatu du Kontseiluarekin sinatu zuen hitzarmenagatik
    Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara!

    Euskal erakundeek jasandako enegarren kanpo esku hartzea dugu. Hizkuntza gutxituen kongresu bat antolatzea hitzartu zuten.

    Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak gaur goizean salatu du Kultura Ministerioaren jarrera desleiala dela, eta Donostiaren Kultur Hiruburutzaren kontrako erasotzat hartu du. Espainiako Kultura Ministerioa Donostia 2016 patronatuko kide da. "Nabarmena da desleialtasuna, batik bat aintzat hartuta patronatuan sekula ez duela horren berri eman".

    Aurreko astean bildu zen patronatua azken aldiz. "Ministerioa 2016ri erasotzen ari da, 2016ren aurka dago". Gaineratu du alkateak Kultura Ministerioak ez duela oraindik erabaki zein izango den bere ekarpena kultur hiruburutzaren proiektuan, ezta epeak ere. Astelehenerako patronatuaren ezohiko bilerara deituko du alkateak.

    Izagirrek azaldu duenez, asteazkenean azaldu behar du Kontseiluak hizkuntza gutxituen kongresuaren antolaketa zertan den, eta hilaren amaieran jendaurrean aurkeztekoa zen. Donostia 2016k 400.000 euroko hitzarmena sinatu zuen Kontseiluarekin kongresua antolatzeagatik. Asmo hori kultur hiriburuaren proiektuaren hasieratik dago.

    Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultura Ministerioak kongresuaren antolaketa deialdi publiko baten bidez esleitzea eskatu zuten, eta, horregatik, Kontseiluarekin sinatu zuten hitzarmenaren kontra bozkatu zuten. Izagirrek argitu du hitzarmen guztiak berme guztiekin sinatzen direla.

    "Donostia 2016 proiektu bilduma bat da, eta patronatuko kideoi batzuk gehiago gustatzen zaizkigu eta beste batzuk gutxiago. Baina kultur hiriburutzaren ezaugarrietako bat da denok onartzea proiektu hau guztiona dela", nabarmendu du Izagirrek.

    Espainiako Gobernuari kultur hiriburutzaren alde edo kontra dagoen azaltzeko galdegin dio, salaketa kendu eta 2016ko bulegoari lana egiten uzteko. "Proiektua ona da, oinarrizkoa, hiriarentzat, lurraldearentzat eta herrialde onentzat, ona".

    Espainiako Kultura Ministerioak esan du "erabat konprometituta" dagoela Donostia 2016 Kultur Hiriburutza proiektuarekin, eta horren adibidetzat jarri ditu azken hiru urteotan eman dituen dirulaguntzak. Orotara, 2,7 milioi euro jarri dituela nabarmendu du.

    Kontseiluarekin eginda zegoen hitzarmenak "mamian eta formetan" akatsak dituela adierazi du, eta argudiatu du horregatik jarri duela salaketa.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.