• 26
    MAI

    Maiatzaren 20an Urruñako Euskal Herrian Euskaraz elkarteak Martxuka dute gozotegian euskaraz irakurtzeko espazio berri bat estreinatu du. "Askatasun eta konfiantza osoz" interesatuek liburutegitik obrak hartzen ahal dituzte.

    Euskaraz irakurtzeko espazio berri bat ireki du Urruñako EHEk
    ©Isabelle Miquelestorena

    Urruñan kokatua den Martxuka dute gozotegiak espazio berri bat martxan jarri du. Artisauen sorkuntzen edo pastizen artean, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak liburutegi bat ireki du. Kidea den Unai Villacortak adierazi duenez taldeak "arlo guztiak unkituz, jendea euskaraz pentsatzea eta bizitzea" nahi du.

    "Bakoitzak hartzen du nahi duen liburua, edonon irakurri dezake eta nahi duenean itzuli dezake", esplikatu du Villacortak. Askatasuna eta konfiantzaren printzipioa oinarritzat hartuz, Euskal Herrian Euskaraz elkartearen helburua jendeari euskaraz irakurtzeko ekoizpenak proposatzea da; adin guztiak kontutan hartuz.

    Duela bi hilabete, EHE liburuak eskuratzen hasi zen eta maiatzaren 20an euskarazko irakurketari zuzendutako espazioa estreinatu du. Kidearen arabera, sare sozialetan arrakasta izan duen ideia da, beraz "mementoz bilana positiboa da".

    Euskara sustatzeko ekintzak

    Hilabete batzuk dira Urruñako EHEk alor guztietara hedatzen diren proiektuak aitzina eramaten dituela. Alde batetik, gaur egun arte Martxuka gozotegian igandero mintzapraktika egiten zen eta EHEko kideak ostegunera pasako dela zehaztu du. Bestalde, Unai Villacortak elkarteak euskal komunikabideen aldeko kanpaina bat abiatu duela esplikatu du.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.