• 16
    EKA

    PPk eta PSOEk euskara Europako erakundeetan ofiziala izatearen aurka bozkatu dute. CiUk aurkeztu zuen eskaria Espainiako Kongresuak eta Senatuak Europear Batasuneko gaiak tratatzeko antolatzen duten Batzorde Mixtoan

     

     

    Berria.info webgunetik hartutako albistea:

    Euskara, katalana eta galegoa ez dira ofizialak izango Europako instituzioetan, oraingoz bederen. Espainiako Kongresuak eta Senatuak Europako Batasuneko gaietarako antolatzen duten Batzorde Mixtoak eztabaidatu zuen atzo gai hori, eta atea itxi zion. CiUk mozio bat aurkeztu zuen, eta, hartan, Europako araudiak egokitzeko eskatu zuen, euskara, katalana eta galegoa ofizialak izan daitezen. ERCk babestu egin zuen mozioa, baina PSOEk eta PPk batu egin zituzten beren botoak, ekimenari aurrera egiten ez uzteko. 

    CiUk gaelikoa jarri du adibide moduan; Irlandan ofiziala da gaelikoa, ingelesarekin batera, eta Europako Batasuneko hizkuntza ofizialetako bat ere bada. ERCk eta CiUk kexa agertu dute, euskarak, katalanak eta galegoak ez dutelako maila bera eskuratu, nahiz eta Espainiako Gobernuak 2004an hasi zituen hizkuntza koofizialak «sustatzeko» ekimenak. 

    CiUren mozioaren beste bi puntuetan bat etorri dira alderdiok, eta hizkuntzei buruz indarrean diren akordioak bermatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Egun, komunikazio hizkuntza gisa onartuak daude euskara, katalana eta galegoa Europako instituzioetan. Europako Batzordeari, Parlamentuari, Kontseiluari eta Arartekoari, besteak beste, euskaraz idatz edo galdegin diezaiekete herritarrek; erantzuna ere hizkuntza berean jasotzeko eskubidea dute. Akordio horiek bermatzen direla ziurtatzeko eskatu diote, orain, gobernuari. 
     

    PPko senatari Alejandro Muñoz-Alonso, bestalde, kexu agertu da CiUk aurkeztutako mozioan valentziera ez delako katalanetik bereizita agertu. 

    Eranskinak:

    www.berria.info