• 21
    MAR
    Senpere Baik bertako EHEren aldarrikapen taula izenpetu du
    "Herriko etxeak eta biok, euskaraz", "Udalak eta biok, euskaraz"

    Bozen testuinguruan, Senpereko EHEk hartu beharreko neurrien taula helarazi zien herriko hautagaiei, atxikitzeko aukera emanez. Senpere Bai koalizioak soilik erantzun die, berau izenpetuz egin ere. Lakuntza eta Iruñean iragan astebukaeran egin zituzten "Udalak eta biok, euskaraz" eskaerak. Gaur arratsaldean altsasuarrek horixe egingo dute eta bihar, udalarekiko harremana erabat euskalduna izan dadin, ekimena egingo dute Zarautzen.

    Udal bozak egingo dituzte Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan martxoaren 23an eta 30ean. Horren aurrean Senperen aurkeztuko diren hiru zerrendei galdetegi eta gutun bera bidali zien bertako EHEk.  Herriko etxeek hartu beharreko neurriak plazaratu eta ados egonez gero atxikitzeko aukera eskaini zien. Euskara eztabaida politikoan kokatu  eta herritarrongandik hurbilen dagoen administrazioak benetako neurriak har ditzan izan dituzte  helburu.

    Eragile euskaltzaleak jaso du hiru hautagaien erantzun edota erantzunik eza. “Agir autrement” eta “Ensemble pour Saint Pée -Elgarrekin Senpererentzat” erantzun ere egin ez dutenean, Senpere Bai koalizioak dokumentua izenpetu du. Hautagaitza politiko bakoitzak argi utzi du hizkuntz normalizazioarekiko duen jarrera.

    Hau ez da EHEren "Herriko etxeak eta biok, euskaraz"/ “Udalak eta biok, euskaraz” dinamikaren karitara azken boladan egindako ekintza bakarra. Aurreko ostiralean hainbat lakuntzarrek galdegin zioten udalari euskarazko harremana. Besteak beste, etxean, kalean zein udalean herritarrok jasoko ditugun paper, ohar, bando, inprimaki, publizitate euskarri, lanpostu deialdi eta abar guztiak euskaraz izatea. Apirilaren 16a bitarte eskaera egiteko moduan izango dira ostiralean egin ez zutenak.

    Iruñean ere egin zuten eskaera. Aurreko larunbatean 140 lagun bildu ziren udaletxeko bulegoen kanpoaldean. Iruña taldeko musikariek giroa alaitzen zuten bitartean, udalarekiko harremana euskaraz izateko eskaerak bete zituzten bertaratuek.

    Dinamika honen harira herritar sarea eraiki eta denen artean bigarren urratsa adostea helburuetako bat izanik, harremanetarako datuak ere jarri zituzten eragile euskaltzaleko kideen eskura. EHEk hartu zuen eskaerak bildu eta tramitatzeko konpromisoa. Datorren hiru hilabeteetan eskaerak egiten jarraituko dute eta bitarte horretan erantzunik jaso ezean, udalak eskaerei ezezkoa esan diela ulertuko dute.

    Gaur arratsaldean altsasuarrek aurkeztuko dituzte martxoan zehar bildutako eskaerak. Bi eskari egingo dizkiote udalari: edozein delarik ere esparrua udalarengandik jasotako ohar, bando, publizitate eta abar euskaraz izatea eta 012 telefonoko informazioa ere euskaraz izatea.

    Azkenik, bihar zarauztarrek aerobik herrikoia eta triki poteoa egingo dituzte. Udala eta herritarren arteko harremanean hainbat hutsune atzeman dituzte eta harremana guztiz euskalduna izan dadin galdegingo dute bihar.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.