• 16
    URR
    VI. Euskaraz BIZIkleta martxak Iruņerria zeharkatuko du

    Larunbatean egingo da, 10:30etan Errotxapeako Errotaberri elkartetik abiatuta. Herritarren eskaerak betetzeko galdegingo diote udalari.

    Larunbatean VI. Euskaraz BIZIkleta martxa ospatuko da Iruñerrian. Udalak herritarren eskaerei entzungor egiten dienez, "udalarekiko harremana euskaraz nahi dugu!" aldarrikatuko dute ibilbide osoan zehar. 10:30etan Errotxapeako Errotaberri elkartetik abiatuko dira eta Iruñeko udaletxe plazan amaituko dute 13:00ak aldera, ahalik eta txistu ozenena eginez. Aldarria ahalik eta ozenen entzun dadin, bertan parte hartzeko deia egin dute.

    Aspaldi ekion zioten "Udalak eta biok, euskaraz" dinamikari. Zehazki, martxoaren 15ean batu zituzten eskaerak estreinakoz. 140, hain zuzen. Bost egunen buruan erregistroan aurkeztu eta udalaren erantzunaren zain egoteke, dinamika sozializatzen jarraitu zuten.

    Eskaerak erregistratu zituztenetik ia hiru hilabete betetzear zirela, isiltasun administratiboaren aurrean, ekimena egin zuten Txantreako Auzo-unitateko bulegoetan. Bertako erabiltzaileekiko harremana gaztelera hutsean dela salatu eta harremana euskaraz nahi zutela adierazi zuten.

    Egunak pasa, egunak etorri, udalak isilik jarraitzen zuen ordea. Horren aurrean, eskaera gehiago bildu eta aurkeztu zituzten, udalaren jarrera “axolagabea” publikoki salatzeaz gain.

    Bigarren bider eskaerak egin zituztenetik hiru hilabete pasa, urriaren 3an herritarren eskaerei erantzutea galdegiten zuen instantzia aurkeztu zuten udalean.

    Azaldu zutenez, erantzuna jasotze aldera lehen urratsa izan ez bazen ere, ez da hondarrekoa izango. Udalari “herritarren eskaerak betetzeko udalak beharrezkoak diren neurriak har ditzan” galdegin zioten, nahiz eta urratsik emango ez duenaren zantzuak nabarmenak izan.

    Esan bezala, larunbatean emango dute hurrengo urratsa. Ahalik eta herritar gehienen parte hartzea ezinbestekoa izango da. Parte hartu!

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.