• 24
    URR
    Tafalla eta Garesen ere udalarekin euskaraz egin nahi dute
    Tafallako udalaren erantzuna

    Udalek herritarren eskaerei betetzeari uko egiten badiete ere, "Udalak eta biok, euskaraz" aldarria egia izan dadin lanean jarraituko dute.

    "Udalak eta biok, euskaraz" dinamika aurrera doa. Tokian tokiko egoerara egokitutako erritmo eta aldarriekin, hainbat herritan abiatu dute dinamika, tokiko udal administrazioei makina bat eskaera eginez. Horren aurrean, izan da positiboki erantzun duenik, baina zoritxarrez bestelako jarrera izan dutenak ere ugari izan dira. Tartean ditugu Durango, Iruñea, Tafalla edota Garesko udala.

    Tafallakoa dugu hondar kasua. Herritarren eskaerak iragan ikasturtean aurkeztu bazituzten ere, irailaren 25ean eman zuen erantzuna bertako alkateak. Gazteleraz hutsez, “Vascuence”aren legeak araututa Tafalla herria zonalde “ez euskalduneko” eremuan aurkitzen denez, eta 17.2. artikuluan jasotzen denaren arabera, bertako administrazioen inprimaki, zigilu, dokumentazio, jakinarazpen, mezu, seinalizazio, errotulazio, argitalpen eta iragarki guztiak gazteleraz izanen direla jakinarazten zuen.

    Horren aurrean, "berriz ere" "gure herrian bertan euskaldunok bigarren mailako herritar bihurtzen gaituen legearekin" egin dutela topo salatu du Tafallako EHEk.  Hala ere, ez dute uste "aipatu legea denik euskaraz bizitzeko dugun eskubidea oztopatzen duen traba bakarra eta nagusiena". Beraien irudiko, "udal gobernuaren borondate-politiko ezak eragozten du euskaraz bizitzeko bidean urratsak ematea". Izan ere, "legeak 17.2. artikuluan jasotakoa dioen arren, ez du debekatzen administrazioak euskaraz egiterik", eta debekatuko balu ere, "euskaldunok zilegitasun osoa dugu gure herrian bertako administrazioarekiko harremanak euskaraz izateko".

    Hori dela medio, alkatearen "itxurakeria" gaitzesteaz gain, "Nafarroako lege <> muzin eginez herritarren nahia betetzeko gai izanen den hizkuntza politika propioa garatzeko" garaia dela adierazi dute. Aldaketak eragiteko, sinatzaile zein gainontzeko herritarrei azaroaren 6an Kultur Etxean egingo den batzarrean parte hartzeko deia egin diete.

    Garestarrak ere, espaloian tinko

    Garesko udalak entzungor egin die herritarren eskaerei. Horren aurrean eskera gehiago bildu eta aurkeztu dituzte eta bide horretan jarraitzeko asmoa agertu dute. Aurrera begirako urratsak eztabaidatzeko, batzarra egin zuten asteazkenean. Bertan, hurrengo hilabetean zehar atxikimendu gehiago jasotzeko apustua egin zuten. Horrez gain, egindako eskaerei erantzuna eman diezaien udalarekin berriz harremanetan jartzea adostu zuten.

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.