• 13
    URT
    UEMAko beste zazpi udalen kontra jo du Urquijok
    Urquijo jauna

    Carlos Urquijoren etengabeko erasoek begi bistan uzten dute hizkuntza politika burujabeen premia.

    Duela hilabete Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara eta Itsasondoko udalak aktak euskaraz bidaltzeagatik helegiteak jaso zituztelako kezka agertu eta horren salaketa egin zuen UEMAk. Orain, Carlos Urquijok Amezketa, Beizama, Elgeta, Gaintza, Oiartzun, Oñati eta Usurbilgo udalak ere auzitara eramango dituela jakin dugu. Gainera, Berastegiko udalarekin egin bezala, Zeraingo Udalak UEMAn sartzeko hartutako erabakiaren aurkako helegitea ere jarri du Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen ordezkariak. 

    Maren Belastegi UEMAko lehendakariak oso larritzat jo du helegiteen ondorioz udalek bizi duten egoera. Izan ere, “une hauetan euskararen ofizialtasuna bera ari da zalantzan ipintzen. Helegiteon bitartez, esaten ari zaizkigu euskarak, erdara ere erabili ezean, ez duela balio ofizialik administrazio arteko harremanetarako. Eta kontua da, gaur egungo euskararen legea oinarri hartuta, ez daukagula epaitegiek arrazoia emango diguten ziurtasunik”.   

    “Benetan kezkagarria da euskararen aurkako erasoaldi hau hartzen ari den tamaina”. UEMAk bultzatzen dituen hizkuntza irizpideen aurka jo du zuzen zuzenean Urquijok, eta Berastegi eta Zeraingo udalek UEMAn sartzeko hartutako erabakiari ere helegitea ezarri die. Belastegik nabarmendu du UEMAko udalak “aitzindariak” direla euskararen erabilerari dagokionean. “Euskara sustatzeko hizkuntza politika eraginkorra egiten saiatzen gara UEMAtik. Eta horregatik, euskararen aurkako erasoaldi zabal honetan, ari da Urquijo UEMAren aurka ere”.

    Kontratazioetako hizkuntza irizpideak, diru-laguntzetarako hizkuntza irizpideak, udalak euskalduntzeko adostutako hizkuntza irizpideak, bi udalek UEMAn sartzeko hartutako erabakia, Gizpukoako Foru Aldundiaren euskara plana…  susmopean jarri ditu Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Eta egoera honen aurrean, “behar beharrezkoa da bat eginda erantzutea” UEMAko lehendakariaren ustez. “Euskara sustatzeko lanean ari garen eragile guztiok, modu bateratuan erantzuteko unea iritsi da”. Babes hori soluziobideekin zuzenean lotu nahi izan du UEMAko lehendakariak. “Ez da nahikoa helegiteak jaso dituzten udalei babesa adieraztea. Helegiteak bata bestearen gainean pilatzen ari dira. Eta jada, esan dezakegu Urquijoren jardunak baldintzatu egiten duela euskararen sustapenean dihardugunon ahalegina”. Belastegiren ustez, 2015. urtean, “ez da onargarria” euskaraz aritzeagatik epaitegietara joan behar izatea. “Euskaldunon eskubideak bermatu eta euskaraz aritzea juridikoki babesteko moduak bilatu behar ditugu, ezinbestean. Baita horretarako, EAEko euskararen legea bera egokitu behar bada ere”.

    Urquijoren hamaika kanpo esku hartzeengandik salbu egongo diren hizkuntza politikak burujabeki garatzeko herritarrok harresi sendoa eratzea ezinbestekoa da. Hala ere, ez dezagun ahaztu: babesik seguruena, dependentzia gainditzea.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.