• 29
    URT

    Otsailaren 28an "stop" esango diote Madrilek eta Parisek hizkuntz eskubideak bermatzeko neurrien aurka hartutako bideari: "Herri gogo indartsua behar dugu".

    Estatuen esku hartzeen aurrean erantzun bateratua iragarri du Kontseiluak
    Kontseiluaren zuzendaritzaren agerraldia, gaur goizean. / BERRIA

    Kanpo esku hartzeei erantzun bateratua emango diela iragarri du Kontseiluak. Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak  Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen ordezkariak, Patrick Dallennes Baionako suprefetak zein Nafarroako Gobernuak, denek jo dute auzitara: udalen euskara planen aurka, hizkuntz irizpide berrien aurka edota aktak euskara hutsean bidaltzeko erabakiaren aurka, besteak beste. "Balio juridiko osoa kendu nahi diote euskarari", salatu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, gaur Donostian egindako agerraldian. Bertan izan dira Kontseilua osatzen duten eragileetako ordezkariak. Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzalea ere bertan izan da.

    Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera salatu dute: "Galga jarri nahi diote gure herrian dagoen euskaraz bizitzeko nahiari". Txalotu ere egin dute, ordea, Uemako zenbait udalen "determinazioa": esaterako, aurkako agindua jaso arren, Madrilera aktak euskaraz bidaltzen jarraitzea erabaki izana.

    "Erasoak" gero eta handiagoak direla ohartarazi, eta "erantzun bateratua" emateko beharra nabarmendu du Bilbaok. Otsailaren 28an egingo dute hori. Ez dute zehaztu nola, baina iragarri dute erakunde eta eragileekin harremanetan jarriko direla "konpromiso zehatzak" eskatzeko.

    'Kanpo esku hartzerik ez!' herri gisa ozen adierazi eta hizkuntza politika bertatik bertara sortu eta erabakitzeko garaia da.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.