Herrirak Bilbon duen egoitzatik gertu, oraindik atzoko gertaera sinetsi ezinda, agerraldi jendetsua egin dute gaur goizen Euskal Herriko hainbat eragile sindikal, politiko eta sozialek. Atxiloketek “nahiagabea eta haserrea” eragiten dietela adieraztearekin batera “atxilotuekiko eta horien senideekiko elkartasuna” agertu dute.
"Preso eta iheslarien eskubideak defendatzen dituen" kolektiboaren aurkako polizia operazioak "eskubide eta askatasun demokratikorik funtsezkoenak" urratzen dituela salatu dute eragileek. Xede argia du, haien aburuz, atzoko sarekadak: “euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsa kriminalizatzea”. Ez da horra mugatzen, azken buruan, “gure herriko esparru zabal baten lan politikoa eragoztea” baitute jomuga. Hain zuzen ere, egungo errealitatearen zimentuak kolokan edota gutxienez zalantzan jartzen dituztenen lan politikoa, disidentzia oro zapaldu nahi dute.
Ez da txantxetakoa Espainiar Estatuaren ekinaldia. Horren erakusgarri dira urritik aurrera 40 gazte independentisten eta ezker abertzaleko hainbat kideren aurka egingo diren epaiketak. Gipuzkoako hainbat herriren aurka hasitako bideari jarraiki Zarauzko Udalaren hizkuntza irizpideek jasotako helegiteak ere horren adibide argiak dira. Euskal Herrian uneoro somatzen ditugu berau menderatu nahi duten agintarien atzaparrak. Hizkuntzaren ikuspegitik ere burujabetzaren inguruko eztabaida piztu dute erasoek. Horren isla Mikel Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezakariak txio bidez egindako galdera: “gaur egungo lege-markoan euskararen normalizazioa posible al da? Zarautz auzitara bidali dutenekin, ez dakit ba!”. EHEk ere egin dio ekarpena eztabaidari Diada egunez egindako “Hizkuntza eta burujabetza” bideoa sarean hedatuz.
"Bakoitzak bere esparrutik baina herri bezala", herriz herriko ekimenetan zein larunbat honetan Bilbon egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia luzatu du EHEk herri mugimenduko beste eragileekin batera.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean