Goizeko 11:00ak jotzean abiatu da Euskaraz Bizi Eguna, Baionako Xaho kaiaren bueltan. Porrotx pailazoak eman dio hasiera egunari beste behin ere, txikienen irudimenari irriak eta hegalak txertatzen zizkien bitartean. Tailerrak eta puzgarriak izan dira txikien hurrengo jomuga. Nagusiek joaldunekin, artisauen azokarekin eta kale animazioarekin segitu dute jaia eta aldarrikapena elkartzen dituen festa.
Azken bi ikasturteotan hausnarketa prozesuan sakon murgilduta dagoen eragile euskaltzaleak egitarau xumea zuen prest gaurko, baina horrek ez ditu euskaltzaleak etxean gotortu. Bazkalordurako ehunka lagun batu dira Xaho kaian kokatu karpa handian, eta aurreikuspen guztiak gainditu direnez bakan batzuek ezin izan dute sabela nahi adina bete. Erramun Martikorenaren kantaldia izan da bazkalostean giro goxo mantendu izanaren arduradun nagusietako bat, egitarau xumeak ere ekitaldi handi eta gozagarri bihurtzen dituen euskaltzaleen berezko grinarekin batera.
17:30ean hasi da, aldarrikapenaren tartea zabaldu duen kalejira aldarrikatzailea. Bukaeran duzue ekimena amaitzean irakurri den mezua. Ehunka euskaltzalek erantzun diote mobilizazio deialdiari eta euskararen ofizialtasunaren aldeko deiadarrak oihartzun sendoa izan du Baionako karriketan.
Aldarrikapen ozenak Xumai Murua eta Ortzi Idoate bertsolarien sormenari eman dio bidea, eta bertso-poteo jendetsua egin dute Baiona Ttipiko kaleetan zehar. Egunari txapela jartzeko lekukoa hartuko du, 21:00etatik aurrera, Sorkun, Torii eta DJ Jotatxoren musika emanaldiak.
Mobilizazio bukaeran EHEko kide Gabi Darraspe egin duten hitz hartzea:
“Kaixo, Baiona! Arratsalde on, Euskal Herria, eta ongi etorri, euskaraz bizi nahi duen herriaren alde egotetik horren alde egitera batu zareten guztiei.
Bide luze eta zaila dugu euskaldunok atzean. Gure herria eta hizkuntza, oraindik orain menpeko izatera kondenatuta daude. Mende luzetako hizkuntza ordezkapen eta asimilazio prozesuek gaztelera eta frantsesa herri honetan hizkuntza hegemoniko izatea lortu dute, euskara menpeko hizkuntza bihurtuz, eta, euskaldunok, bigarren mailako herritar. Geure herrian bertan arrotz sentiarazi gaituzten Estatu frantses eta espainolak argiki jasotzen dute euren konstituzioetan zein den euren administraziopean besteen gainetik dagoen hizkuntza, eta bide batez zeintzuk dauden horien azpitik. Horretarako, nagusitasun hori mantentzea beste helbururik ez duten hizkuntza politikak aplikatu dituzte, euskaldunon egunerokoan gatazkak sortzea eraginez, euren doinu grisen pean dantzatzera behartuz.
Erasoen gainetik, alta, euskaldun izatea normaltasunez eta harrotasunez bizita, garena izaten jarraitzeko nahia eta grina sarritan frogatu ditugu. Hamaika proiektu sortu ditugu herritik ordezkapen ahaleginei aurre egin eta euskaraz bizitzeko nahia plazan jartzeko; eta, garbi esateko euskaraz bizitzeko eskubidea izateaz harago, hauspo horri eragiten segitzeko determinazio osoa dugula.
Herritarron ekimena izan da, besteekin batera eta bereziki, zatiketari eta zapalkuntzari aurre egitea lortu duena. Eta etorkizunean ere, hori izango da zalantzarik gabe egun indarrean diren mugak eta oztopoak gainditzeko bidea.
Herri honen etorkizuna eztabaida mahaiaren gainean dagoen honetan, euskararen eta euskaldunon auziari dagokion lekua ematea ere badagokigu euskaldunoi, eskubide urratuen arloan protagonista izatetik jarrera burujabeetan aktibo eta aktibista izaterako bidean. Burujabe izan eta burujabe jokatzeko garaia baitugu aurrean, Trebiñun, edota Tafallan, zein hementxe bertan, Baionan.
Burujabe izan eta aldaketak eragiteko garaia dugu, eta horretarako ezinbesteko suertatzen zaigu geure buruak, norbanako zein komunitate, ahalduntzea. Euskaraz bizitzea norbnakoon determinazio kontua bada ere, hiztun komunitate gisara ere badugulako indarra, eta ez nolanahikoa gainera. Hortik lortuko ditugu euskaraz bizitzea nahi bat izatetik errealitate oso izatera eramango dituen aldaketak. Euskararen alde egotetik euskaraz eta euskararen alde egitera pasatuz.
Hortik, beraz, etorkizuneko erronkak. Baina, hasi gaitezen hasieratik, nekez lortuko baititugu aldaketak euskarak gutxieneko aitortza izan ezean. Tamalez hain beharrezkoak izaten segitzen duten aldarrien artean, beraz, lehena: Euskara ofiziala Euskal Herri osoan!"
|
Euskaraz bizi sarean