Hurrengo oharra zabaldu du Errotxapeako EHEk:
"Apirilaren 2an, Errotxapeako Euskal Herrian Euskaraz-ek Errotazar kaleko horma-irudia berritu zuen. Hortik aste betera, apirilaren 11n eta 12an, ezezagun batzuek margo beltzarekin eraso zioten. Azken aste honetan, hirugarrenez kaltetu dute, oraingoan zuriz.
Horren aurrean, Errotxapeako EHEk honako hau adierazi nahi du:
Erasoa ez da horma soil baten kontrako erasoa; erasoa, auzoan euskaraz bizi garenon edota euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dugun euskaldun guztion aurkako erasoa da; horma-irudiak dioenarekin bat egiten dugun auzokideon aurkako erasoa; adierazpen askatasuna defendatzen dugunon aurkako erasoa.
Horregatik Errotxapeako EHEk, erasoa salatzearekin batera, auzokideak zein auzoko eragileak, hurrengo egun-asteetan horma-irudiaren aurrean argazkiak egitera animatu nahi zaituzte; inork isilduko ez gaituela adierazi, eta horma-irudiaren aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko.
Hauxe da erabiliko dugun leloa: Inork ez gaitu isilduko! Izan, egin, eragin. Euskaraz bizi!
Guztion babesarekin eta auzolanean, horma-irudia laster berritzea lortuko dugu.Bien bitartean, segi auzoa euskalduntzen, segi auzoan euskaraz bizitzen.
Errotxapeako Euskal Herrian Euskaraz.
Iruñean, 2016ko apirilaren 21ean."
|
Euskaraz bizi sarean