Eguerdian Arrasaten burutu dugun prentsaurrekoaren testua duzue hurrengo hau:
Sei urtez bide egin ostean Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin genion EHEtik. Aurten zortzigarrenez antolatu dugun egitasmoak, Etxarri-Aranatzen hasi zuen ibilbidea, umiltasun handiz. Deialdiarekiko atxikimendu zabalak eta honen inguruan sortzen joan den mugimenduak bultzatuta, Euskaraz Bizi Eguna dimentsio zabalagoa hartzen hasi zen, Gernika-Lumon ospatutakoak frogatu bezala. Ondoren, Donostia bezalako hiriburu batera egin zuen salto ekitaldiak. Nafarroa Garaiko ekialdera gero, Agoitzera, Gasteizera buelta, Otxandiotik pasa, Baionaraino.
Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna dugu; norbanako zein komunitate, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko ekinaldia; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko egitasmoa dugu Euskaraz Bizi Eguna. Ahalduntze ariketa praktiko bat izatea izan du helburu urte guzti hauetan.
Aurtengoa baina, testuinguru berezian datorkigu. Bai berreuskalduntze-prozesuak egun bizi duen apaldiak, bai mundu mailan zein Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketek EHEn eragin dute bete betean. Horregatik, krisi integral honi erantzuteko, azken urtean, “IZAN EGIN ERAGIN” gogoetan murgildurik ibili gara. EHE goitik behera berrikusi eta eguneratu nahi izan duen gogoeta.
EHEko kide eta kide ohiez haratago, irekia egin dugun eztabaida. Batzar ezberdinetan parte hartuz, bide ezberdinetatik zabaldutako galdetegiak erantzunez, osatu dugu “EUSKAL HERRI EUSKALDUNARI ATEAK IREKI” izeneko dokumentua.
Martxoaren 18an Arrasaten egingo dugun Euskaraz Bizi egunak, euskararen normalizazioa helburu duen jarduera, fase berri batera eramateko eredu izan nahi du. Euskararen alde gaudela argi eta ozen esatetik harago, Euskaraz bizitzera goazela erakusteko eguna izango dugu.
Hemendik, hortaz, euskaldun eta euskaltzale guztiei dei egiten diegu, Martxoaren 18an Arrasatera hurbildu, eta Euskal Herri Euskaldunari ateak irekitzen joateko.
Egitarau zabala prestatu dugu Martxoaren 18rako:
• 10:30 Txupinazoa
• Artisauen azoka
• 11:00 Umeentzako jolasak, tailerrak eta puzgarriak (karpa inguruan)
• 12:30 “EUSKARAZ BIZITZERA GOAZ EKITALDIA” (kulturaten)
• 14:30 Herri bazkaria Azoka plazan 15 euro
• 17:00 “THE HANS BLUES BAND
• 18:00 Bertso saioa “Alaia Martin, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Jon Maia (karpan)
• 19:30 SAKATU elektrotxarangarekin “Mural kalejira”
• 21:30 kontzertuak (karpan) “Dirty Brothers, Willis Drummond, Ezten Giro erromeria
• DJ jo ta txo gaztetxean
• EGUNEAN ZEHAR: Kilikien kalejira, Txorbela abesbatza, txalapartariak, trikitilariak, dantzariak, Portaloiko abesbatza, txistulariak, Jasan eta Txuaren kontzertuak….herriko kaleetatik barrena.
|
Euskaraz bizi sarean