• 27
    API
    ISUNAK BAINO, EUSKARAK NEURRI ERAGINGARRIAK BEHAR DITU

    OFIZIALTASUNARI ATEAK IREKI

    2016ko Abenduaren 14an EHEko hiru kide nafar parlamentuan kateatu ziren Vascuencearen Legea pikutara bidaltzeko eskatuz eta euskararen ofizialtasunari ateak irekitzeko aldarrikatuz. Ekintza horregatik Mozal legea aplikatu zaie eta 900 euroko isuna ordaindu beharko dute.
    Abenduaren 14a, Vascuencearen legearen urteurreneko bezpera genuenean. 30 urtetan zehar, zonifikazioa bide lagun izanda, hizkuntza eskubideak etengabe urratzen egon den legea. Urte luze horietan, Nafarroako berezko hizkuntza baztertzera eraman duen UPNren politika planifikatua pairatu dugu. Gorbernu aldaketarekin nafarron hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta euskararen egoera hobetzeko lehen zantzuak ikusten hasiak gara, baina oraindik ere oso mugatuak eta zalantzatiak diren urratsak.
    Hala ere, aipatu jarrera horrek muga zahar batekin egiten du topo, besteak beste: gobernua sostengatzen duten alderdien artean kontraesanak sortzen dituen “vascuencearen” legearekin, alegia. Berau gainditzearen alde hutsaren hurrena egin da eta lege honen babespean ematen diren urratsak eznahikoak izanen dira ezinbestean.
    Zonifikazioa gaindituko duen lege berri bat egin beharrean, tarteko bidean geratu dira eta zirrikitu bila dabiltza. Zirrikitu bilatze horrek, euskararen aldeko ahalegina erakusten du. Ez nahikoa den ahalegina. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen ez dituen neurria.
    Zonifikazio zentzugabeak indarrean jarraitzen du, euskaraz bizitzea eremu zehatz bati lotutako aukera balitz bezala. Noiz eta XXI. mendean! Euskaraz bizitzea zilegi da, nafar jendartearen nortasuna bizirik mantentzea da, norbanakook dugun eskubidea izateaz gain: ipar zein hegoaldean. Euskaraz bizitzea ez da nahikeria.
    Beraz, ozen aldarrikatu behar dugu, hiru hamarkadaren ondoren, ekintzara pasatzeko ordua dela. Euskara denona bada, zer egin dezake gobernuak euskararen alde? Bada, hizkuntza arloan ere atzeraezina izango den aldaketa bultzatu: Lurralde osoan hizkuntza-eskubideen aitortza bermatuko duen lege berria, alegia. Justizia soziala izanen litzateke, ez besterik. Arduraz jokatzeko premia du gobernuak, nahi ala ez, etorkizuna euskaraz baitator!
    Baina guri, herritarroi, dagokigu ofizialtasunari ateak irekitzeko garaia heldu dela exijitzea. Ezin gara instituzioei begira geldirik gelditu. Ardurak eskatzeaz gain, gaurdanik, gure esku dagoena egin behar dugu. Euskaraz bizitzeko hautua indartu eta aldaketak eragiteari begira bideratzea dagokigu. Adibideak ez dira gutxi: udalarekin harremana euskaraz izatea eskatu duten herritarrena, mediku eta pediatra euskalduna nahi duten auzokideena, euskarazko haur-eskola aldarrikatu duten gurasoena... Baina areagotu behar ditugu, su txiki gehiago piztu, euskaraz bizitzeko beharrezko erroko aldaketak bultzatuko dituen sutea lortu arte.