Ikerketa-lan horrek eztabaidaezina den errealitatea argitara ateratzen du: irakastereduen sistemak porrot egin du, argi eta garbi. EAEn irakastereduak indarrean egon diren 33 urteetan (2016 arteko datuak daude oraingoz) 1978 – 2001 urteen artean jaiotako 206.263 herritarrek derrigorrezko hezkuntza amaitu dute euskara maila nahikoa ere lortu gabe. Hau da, milaka pertsona horiek euskaldundu gabe amaitu dute hezkuntza garaia. Hain zuzen ere, derrigorrezko hezkuntza garaia euskara ezagutu gabe edo nahikoa ezagutu gabe hasi zuten 409.031 herritarren % 50,43ak. Nabarmendu beharrekoa da ere, hori horrela den bitartean herritar horien % 100ak espainiera ezagutzen duela.
Horrek dituen ondorio guztiekin. Hasteko euskara ezagutzeko eskubidea urratu zaie, hezkuntza legeak berak ere ezartzen duena bete gabe. Era berean, euskararen normalizaziorako izugarrizko zama ezartzen du, herritar horiek euren buruak euskalduntzeko esfortzu ekonomiko eta denborazkoa egin behar baitute. Hori guztia arduradun politiko-instituzionalek zegokien erantzukizuna ez dutelako bete.
Eusko Jaurlaritzak hezkuntza legea aldatzeko gogoeta-prozesua abiatua duen abagunean, Euskal Herrian Euskarazek uste du badela garaia porrot egin duen sistema horren balantze zintzoa egiteko, eta horren ondorio logiko gisa, ikasle guztien euskalduntzea ziurtatuko duen murgiltze-eredua ezartzeko EAEko hezkuntza sisteman, baita Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan ere.
Beheko loturan aipatu ikerketa-lana eta EHEk egiten duen balorazioa eta proposamena dituzue:
https://drive.google.com/drive/folders/1JH9Acg31ZJbe1QI_9qRwG1sWHFDnKEP8?usp=sharing
|
Euskaraz bizi sarean