• 07
    MAI
    EHEk Behatokiarekin batera agerraldia egin du Getxoko udaltzaingoaren egoitza aurrean. Bertan erasoa jaso zuen euskaltzaleak gertaeren berri eman du eta herriko euskaltzaleen babesa jaso du.
    Hizkuntza eskubideen urraketa kasu bat salatu dugu Getxon

    Gaurkoan Euskal Herrian Euskarazek Getxoko euskaltzaleekin eta Hizkuntza eskubideen Behatokiarekin batera hizkuntza eskubideen urraketa eta eraso kasu bat salatu nahi dugu berriro ere. Uste dugu gertaera hau euskarak gure herrian oraindik ere duen bigarren mailako egoeraren isla dela.
    Pandemia garaian ispilura begiratu dugu euskaldunok eta gure hizkuntzaren zaurgarritasun egoerarekin topo egin dugu gordinki. Batzuk bagenekiena ageriago geratu da eta alarma pizteko unean gaude.
    Gabiri gertatutakoa hizkuntza eskubideen errespetu ezaren adierazle argia da. Gaurkoan salatzen dugun gertaera honek auzi zehatza edo puntuala eman dezakeen arren, gure ustez arazo estruktural orokor baten isla da. Izozmendiaren punta da. Ez da soilik euskaraz hitz egin eta beraz arreta euskaraz jaso nahi duen herritar batek pairatzen duen eskubideen urraketa, sistema osoan euskarak oraindik ere bizi duen egoera ez normalizatuaren adierazle da.
    Auzi honetan Getxoko udalaren eta Justizia sailaren erantzukizuna azpimarratu nahiko genuke. Udaltzainek euskaraz ez jakitea edo bere betebeharren artean euskarazko arreta ez bermatzea, protokoloak ongi ez betetzea herritarraren hizkuntza eskubideak erdigunean jarri gabe adibidez, erabaki politiko batzuen emaitza krudela da. Kasu honetan argi ikusi den bezala gainera arazoa estrukturala da, eskubideak urratu zaizkiolako kaleko arretan, bulegoan, justizia jauregian…
    Bestelakoa behin eta berriz entzuten ari garen arren, Euskal Herrian ezin daiteke osotasunean euskaraz bizi. Eta ez da euskaldunok nahi ez dugulako edo egiten ez dugulako. Instituzioetatik gure lepoan ardura jartzen dute etengabe lotsa gabe, bitartean euskararen legeak 40 urte egingo dituen honetan, arlo ezberdinetan egunero hizkuntza eskubideak urratzen zaizkigu eta administrazioak ez ditu bere betebeharrak zuzentzen. Berari dagokionean euskarazko arreta eta zerbitzua ematea.
    Aski da! Euskara erdigunera ekarri behar dugu! Hizkuntza eskubideen bermeak ardatz klabea izan beharko luke euskararen erabilera erosoa lortzeko.
    Euskararen normalizazioa lortzeko osoki euskaldunak izango diren langile publikoak behar ditugu. Langileen formakuntza iraunkorra ere garrantzitsua delarik protokoloak behar bezala betetzeko.
    Beraz, bada garaia indarrean dagoen langile publikoen eredua gainditzeko. Instituzioei exijitzen diegu euskalgintzak aho batez egiten duen aldarrikapen honi kasu egin diezaiotela behingoz. Euskarak administrazio publikoan duen egoeraren balantze zintzoa egin eta horren ondorio logiko gisa, langile guztien euskalduntzea ziurtatuko duen kontratazio eta funtzionamendu eredua ezar dezatela. Hori egin ezean euskararen berreskurapenaren etxea arrakalaz betetako zimenduen gainean eraikitzen jarraituko dugu, gure buruak engainatzen, azkenean eraikitakoa behera jausiko zaigularik.
    Azkenik dei egiten diegu euskaltzaleei egunerokoan pairatzen dituzten hizkuntza eskubideen urraketak sala ditzaten, beraien eskubidea delako euskaraz artatua izatea, euskaraz egin ahal izatea esparru guztietan. Euskaldunok ahaldundu eta ekiteko garaia da. Denon bultzadaz aldaketak eragiteko ahalmena dugula ziur gaude!

    Hizkuntza eskubideak borrokatu! Euskaraz bizitzera goaz!