• 10
    EKA
    Euskararen jauzia aldarrikapenetik gauzapenera igaro dadin ekarpena egingo du EHEk hurrengo urteetan
    Lau hamarkadatako ibilbide oparo eta fruituz betetakoaren ondoren, Euskal Herrian Euskaraz bere burua garai berrietara egokitzeko eraberritze-prozesu sakona egin du azken hilabeteotan. 1979an sortu zenetik gaur arte mundua, Euskal Herria eta euskararen egoera izugarri aldatu direla jabeturik, egungo abaguneak dituen erronkei aurre egiteko helburuarekin garatu du EHEk eraberritze-prozesu hau.

    EHEren ezaugarri nagusiei jarraikiz, euskararen normalizazio-prozesuak ortzi-mugan dituen mehatxuen aurrean erantzukizunez aritzeko konpromisotik, baina era berean, borrokaz sortu diren aukerak ilusioz eta grinaz baliatzeko borondateaz egin den prozesua izan da.

    Hori dela eta, prozesu honetan EHEren oinarri ideologikoa, hurrengo urteetarako estrategia eta egitasmoak, eta, antolaketa-eredua berrikusi eta eguneratu dira.

    Eraberritze horren lehenengo emaitza otsailean aurkeztu genuen Euskal Herrian Euskaraz-en IKUSMIRA izeneko agiria izan zen. Agiri horrekin EHEren oinarri ideologikoa berrikusi genuen, oraindik ere baliagarria zena mantenduz eta berritasun garrantzitsuak txertatuz. Horietan nagusiena EHEk Euskal Herriaren independentzia argi eta garbi aldarrikatzen duela da. Orduan genioen moduan, ez helburu gisa baizik eta euskaraz normaltasunez bizi ahal izango garen Euskal Herri euskalduna eraikitzeko tresna gisa.

    Euskararen normalizazioan jauzia aldarrikatzetik, jauzia egitera.

    Euskalgintzaren gehiengoak hamarkada darama esaten euskararen aldeko lanak jauzia emateko beharra duela, euskarak bidegurutzean aurkitzen dela eta hortik ateratzeko beharra duela. Bada, EHEren ustez jauzi hori aldarrikatzetik jauzia bera gauzatzera igarotzeko unea da. Diskurtsoak errealitatera eramateko unea da. Eta EHEren erabakia da jauzi hori gertatu dadin bere ahaleginak biderkatzea.

    Beraz, EHEren hurrengo urteetarako estrategiaren ardatza hori izango da: euskararen normalizazioan jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa gauzatzea. Horregatik, estrategia horren perspektiban kokatzen dira eraberritze-prozesuan EHEko kidegoak hartu dituen erabakiak:

    -Herriz herri eta eremuz eremu euskalduntzearen aldeko borrokak piztu eta sustatu.

    Euskaldunok egunerokoan pairatzen dugun eskubide-urraketen salaketa biderkatu, eta, herritarren haserrea aldarrikapen zehatzen inguruan antolatuko du EHEk hurrengo urteetan.

    -Borroka ideologikoan urrats berriak emango ditu ere.

    Horrela, bizi dugun hizkuntza-gatazkaren muina azaleratzen jarraituko du: frantziar eta espainiar estatuen inposizio linguizida. Baina horretara mugatu gabe, mota guztiko ekimenen bitartez, inposizio hori itzularazteko euskararen normalizazio osoaren beharra aldarrikatuko du ere, hau da, euskaldunon hiztun-komunitatea berregituratzeko ezinbestekoa dela euskararen erabilera lehentasunezkoa izatea, bai ahozko erabileran bai eremu funtzional eta geografiko guztietan.

    -Aipatu dugun jauzia gauzatzeko, faktore erabakigarria hizkuntza-politika burujabea indarrean jarri ahal izatea izango da. Ondorioz, hurrengo urteetan euskararen normalizazio-prozesua eta burujabetza-prozesuak uztartzeko ekimenak garatuko ditu EHEk; elkar indartzen diren bi prozesu osagarri direla iritzita.

    -Gazte belaunaldiak euskararen borrokara batu daitezen landuko du ere, besteak beste, gazte eragileekin aliantzak jorratuz.

    -Intersekzionalitatearen ikuspegitik, mota guztiko zapalkuntzak jasaten dituzten beste jendarte-eremu eta herri-eragileekin aliantzak eraiki eta borrokak elkarlanean garatuko ditu.

    1go EUSKALTZALE INDEPENDENTISTEN TOPAKETAK 2022an.

    Prozesu honen erabaki garrantzitsuenetakoa “Euskaltzale Independentisten Topaketak” deitzea da, lehenengoak 2022 urtean izango direlarik. Ohar honen bitartez beraz, euskaltzalegoari jakinarazten diogu hurrengo urteko egutegian hitzordu garrantzitsua izango dugula. Aurrerago informazio osoa emango den arren, jakin Topaketa hauetara euskaltzale eta euskalgintzako talde oro gonbidatua izango dela; elkarrekin hurrengo urteetako erronkak aurreikusi eta egitasmo posibleen ibilbide-orria adosteko.

    Euskal Herrian Euskaraz: antolakunde egituratu izatetik, Komunitate malgua izatera.

    Beste erabaki garrantzitsua EHEren antolaketa eta funtzionamendu historikoaren eraldaketa sakona izan da. 40 urteetan izandako antolaketa-eredua guztiz aldatuko du EHEk. Horrela, soilik herrietako taldeen partaidetzan oinarritutako egituraketa izatetik, Komunitate malgu eta parte hartzeko modu anitzera igaroko da Euskal Herrian Euskaraz. Jada ez da ezinbestekoa izango herri bateko taldeko kide izatea EHEko kide izateko. Herrietako taldeek jarraituko dute eta horiek indartu eta hedatzeko lana egiten jarraituko da zalantzarik gabe; baina, bestelako eremuetan dauden euskaltzaleek ere EHEren partaide izateko bideak jarriko dira. EHEren helburu eta oinarri ideologikoarekin bat egiten duen euskaltzale orok proiektu honi ekarpena egin ahal izateko modu erosoa aurki dezan. Beraz, EHEren proiektuarekin bat egiten duten euskaltzaleak EHEn parte hartzera gonbidatzen ditugu gaurdanik, horretarako EHErekin harremanetan jartzera animatuz.

    EHEren funtzio nagusia: eragitea.

    Euskalgintzaren ekosistema kontuan hartuta, EHEren funtzio nagusia eragitea izango da. Eragite jarduera horrek hiru jomuga izango dituelarik:

    Instituzio publikoen hizkuntza-politiketan eragitea. Hizkuntza-politika burujabe eta egokiak onartu eta aplikatu ditzaten.
    Eragileen hizkuntza-praktiketan eragitea. Eragileek hizkuntza-praktika egokiak izan ditzaten.
    Norbanakoen jarrera eta hizkuntza-ohituretan eragitea. Bi zentzutan: Herritarrak ahaldunduz euskararekiko atxikimendua izan eta jarrera euskaltzale aldarrikatzailea izan dezaten batetik. Euskara ez dakienak bere burua euskaldundu dezan eta euskalduna euskaraz bizi dadin bestetik.
    Horrekin guztiarekin batera, EHEren jardueraren bereizgarri nagusiak desobedientzia eta aktibismoa izango dira aurrerantzean ere. Pairatzen dugun diglosia-egoeran euskaldunok egin dezakegun ekintzarik desobedienteena ahaldundu eta ukazio eta bazterkeria guztien gainetik euskaraz bizitzea baita.