Garai nahasi eta ziurgabeak bizi ditugu. Mehatxuz eta erronkez betetako garaiak. Baita euskararen normalizazio-prozesuarentzat ere. Mota guztiko aldaketa sakon eta azkarrak gertatzen ari dira (politikoak,
sozialak, teknologikoak, ekonomikoak), euskaldunon hiztun-komunitatea berregituratzeko prozesuari bete-betean eragiten diotenak. Helburu dugun Euskal Herri euskalduna eraikitzea kolokan jartzen duten aldaketak
hain zuzen ere. Izan ere, espainiar eta frantziar estatuen jazarpen linguizidak XX. mendean euskara ia desagertzeko zorira eraman eta gero, azken mende erdian euskaltzaleok egindako izugarrizko ahaleginari
esker, euskara galzoritik ateratzea lortu dugu eta ostutako lurraldeak eta funtzioak neurri batean berreskuratu
ditugu. Baina euskarak ez du etorkizuna ziurtaturik inola ere ez.
Horrela, zintzoa den inork ezin esan dezake zinez euskarak XXII. mendera ere bizirik iristea ziurtatua duenik.
UNESCOk berak ohartarazi duen bezala, munduan egun hitz egiten diren 7.000 hizkuntzetatik erdia mende
honen erdi alderako desagertuko da. Hau da, astero hizkuntza bat desagerrarazia izaten ari da. Beste modu
batera esanda, 7.000 hizkuntza horietatik XXII. mendean kopuru mugatu bat besterik ez da hitz egingo. Euskaldunok ziurtasunez esan al dezakegu euskara horietako bat izango denik?
Etorkizun beltz horrek orainaldian ditu errotuak sustraiak. Adierazia dugu euskaltzaleok azken mendi erdian
egindako lanari esker, euskararen berreskurapen prozesua abiatu eta eremu esanguratsuak irabazi ditugula
euskararentzat. Baina bistan da egun euskara ez dagoela normalizatuta, euskaldunok ezin garela osoki euskaraz bizi. Horrela, euskararen ezagutzaren transmisioa Euskal Herriko haur eta gazteen zati bati ziurtatzen
zaio, ez osotasunari; are okerrago, azken ikerketek adierazi duten bezala, gero eta kopuru txikiagoan egiten
ari da transmisioa (edo ezagutza maila eskasagoarekin), baita D ereduan ere. Euskara ukatu zaien helduen
kasuan ere, oso proportzio txikian ari da nolabaiteko euskara ezagutza jasotzen, dirutza handiak gastatuz
gainera beraien buruak euskalduntzeko, espainiera edo frantses ikastaroak doakoak diren bitartean Euskal
Herri luze-zabalean. Administrazio publikoan orohar aurrerapen handiak egin diren arren, ia ez dago administraziorik euskaraz normaltasunez lan egiten duenik. Eremu pribatuan zer esanik ez, euskara erdaren
ozeanoan disolbatutako tanta bat besterik ez da lan munduan eta aisian.
EHEk ez du gutxietsi nahi inola ere ez azken hamarkadatan euskararen normalizazioan aurreratutakoa.
Alderantziz, harro egoteko eta positiboki baloratzekoa da egindako lan guztia eta eskuratutako emaitzak.
Euskararen berreskurapenean lortutakoa salbuespena da desagerrarazteko zorian dauden milaka hizkuntzen
artean, zoritxarrez. Baina ez ditzagun gure buruak engaina. Arduradun politiko eta sektore batzuen diskurtso
autokonplaziente eta triunfalisten aurrean, errealismo ariketa egin eta egoera objektibotasunez aztertu behar
dugu: euskararen berreskurapen- eta normalizazio-prozesua ez doa ondo. Hori da errealitate gordina. Gero
eta ikerketa, datu eta behaketa enpiriko gehiagok hori adierazten ari dira; ikusi nahi dituenarentzat behintzat.
Baina zientzia soziolinguistikoan esaten den bezala, hizkuntzak ez dira desagertzen gehienetan,
desagerraraziak dira, ordezkatuak izaten dira. Askotan indarrez gainera. Eta hori da euskararekin eta euskal hiztun komunitatearekin frantziar eta espainiar estatuek egin nahi dutena. Euskal Herriaren lurraldeak
konkistatu ahala, euskararen desagerpena helburu izan duen hizkuntza-politika linguizida aurrera eraman
dute mendeetan zehar. Egun bizi-bizirik dagoen hizkuntza-politika linguizida hain zuzen ere.
Bi estatuen konstituzio eta oinarrizko arkitektura juridikoek inposatzen duten espainiera eta frantsesaren
supremazismoa gutxi ez eta, egunero-egunero bi estatuen botereak, legeen onarpenen bidez zein erabaki
judizialen bitartez, euskalduntzean aurreratutako apurra mugatu eta inboluziora eramateko ahalegin betean
daude azken garaian. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan murgiltze eredua indarrean jarri ahal izateko
baimena Parisen erregutu beharrean aurkitzen gara, uneko politikariaren nahikeriaren arabera onartuko
zaigularik ala ez. Nafarroan, Gobernuak alemaniera euskararen gainetik baloratzeko inolako lotsarik ez du.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, euskararen normalizazioan urrats ausart bat eman orduko, epaitegiek urrats
hori auzitan jarri eta mugatu edo debekatuko dute; lan deialdi publikoetan euskararen ezagutza eskatu
denean edo udalek euskaraz lan egin ahal izatea bermatu den kasuetan bezala. Azken garaiko aferak
besterik ez aipatzearren.
Adierazitako guztiak eskenatoki ukaezin baten aurrean kokatzen gaitu: larrialdi linguistikoan gaude. Euskara
normalizatu eta euskal hiztunon komunitatea berrosatzeko prozesua krisian sartu da.
Horregatik guztiarengatik, EHEren ustez egungo hizkuntza-politikek eta marko juridikoek eman behar zutena
eman dute eta bestelako marko juridiko batera jauzi egiteko unea dugu, euskara normalizatu eta euskaraz
osoki bizitzera iritsi nahi badugu euskaldunok. Zerumugan azaltzen ari diren erronka eta mehatxuei gutxieneko
bermeekin aurre egin ahal izateko eta estatuen etengabeko inposizio linguistikotik euskaldunak babesteko
ezkutua eraikitzeko, ezinbesteko baldintza burujabetza osoa eskuratzea dela uste du EHEk. Hau da, inolako
kanpo-eskuhartzerik gabe soilik Euskal Herrian erabaki behar dugula zein nolako hizkuntza-politika garatu
nahi dugun berton.
Euskaldunok euskaraz normaltasunez bizitzera iritsi nahi badugu soilik euskara nagusi izango den Euskal
Herrian posible izango da hori. Hau da, Euskararen Errepublika independentea eskuratu behar dugu
ezinbestean, Euskal Herri euskalduna eraiki ahal izateko.
Jauzi hori erdiesteko euskaltzaleak kalera ateratzeko unea dugu. Euskaldunon hizkuntza eskubideen
defentsan, euskararen aurkako erasoei aurre egiteko, eta, Euskal Herri euskaldunaren aldeko aldarria
egiteko. Helburu horrekin Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala egingo du abenduaren 6an
Durangoko Landako gunetik 17:30ean abiatuta.
Era berean, euskaltzaleak eta euskalgintzako eragileak manifestazioarekin bat egitera dei egiten ditugu.
Besteak beste, sare sozialetan atxikimendua adieraziz #EuskararenErrepublika traola erabiliz
|
Euskaraz bizi sarean