Honz hemen manifestazioaren bukaeran EHEk irakurritako mezua:
Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkiegu hitz egin duten kurduei. Guretzat ohorea da beraien herriaren askatasunaren eta hizkuntzaren biziraupenaren alde borrokan dagoen herri Kurduaren ordezkariak gaur hemen gurekin egotea. Horregatik EHEko kideok ere ozen diogu Biji Kurdistan!
Zuek Euskal Herrira etorriak zinetela jakin genuenean, Turkiar estatu inperialista eta linguizidak erail zuen Musa Anter idazle kurduaren esaldi hau gure oroimenera etorri zen:
“ Nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu, horrek esan nahi du, ziur asko, zure estatua nire lurrean eraiki duzula”.
Esaldi horrek oso ondo islatzen du euskaldunok, kurduek eta munduko hizkuntza gutxitu guztietako hiztunek pairatzen dugun errealitatea. Estatu arrotzek gure lurretan eraiki dituztela euren egiturak. Estatu arrotzek euren hizkuntzak gure berezko hizkuntzak ordezkatuz inposatu nahi dizkigutela.
Manifestazio honetarako deialdia egin dugunean, euskaldunak arnasarik gabe nahi gaituztela salatu dugu. Eta horrela da. Espainiar eta Frantziar estatuek eta beraien aldeko indarrek itota nahi gaituzte. Gure hizkuntza gure gorputzetatik ostu nahi digute. Herri izatea ematen digun osagaia, euskara, zokoratu nahi dute. Euskararen herriari bizigaia kendu nahi diote.
Hamaika bide eta forma erabili dute horretarako historian zehar. Erdarak derrigortzea, debekuak, zigorrak, irainak… Lehen “casero” eta “aldeano” ginen, orain “supremazista inposatzaileak”. Lehen “gorri separatistak”, orain “burges pribilejiodunak”. Hitz ezberdinak baina helburu bakarra: gu desager araztea.
Helburu horrekin, estatuen botere eta ahalmen guztiak euskara gutxiagotu eta gure eskubideak urratzeko baliatu dituzte. Batzuetan zuzenean eta bortizki; besteetan zeharka eta maltzurrago. Frantziar eta Espainiar estatuak ez daude prest euskararen berreskurapen eta normalizazio osoa gerta dadin uztera. Ez daude prest euskaldunok normaltasunez euskaraz bizi ahal izatera irits gaitezen. Zapalkuntza hau da euskaldunok pairatzen dugun hizkuntza-gatazkaren muina eta euskararen egoeraren jatorria. Ez besterik.
Baina bizirik gaude. Zorigaiztoko patu beltz guztiei aurre eginez Euskal Herria bizirik dago XXI. mendean. Mendeetan asko izan dira eta egun badira euskararen heriotza iragarri dutenak. Baina bata bestearen atzetik okertu dira. Ustezko azti iragarle horiek ez dira konturatzen funtsezko gauza batez: hemen herri bizi bat dagoena. Bere hizkuntza maite eta bere hizkuntzan bizi nahi duen herri bat dagoena. Ez dira konturatzen gu euskaldun izateaz harro gaudela eta gure hizkuntzari eta nortasunari eutsiko diogula etorkizuneko enbatak direnak izanda ere.
Kasu hala ere. Euskalgintzak adierazi duen bezala, egungo hizkuntza-politikek eta marko juridikoek eman behar zutena eman dute eta bestelako marko juridiko batera jauzi egiteko unea dugu. Baina horrekin batera, zerumugan azaltzen ari diren erronka eta mehatxuei gutxieneko bermeekin aurre egin ahal izateko eta estatuen etengabeko inposizio linguistikotik euskaldunak babesteko, burujabetza osoa eskuratu behar dugu ezinbestean. Hau da, inolako kanpo-eskuhartzerik gabe soilik Euskal Herrian erabaki behar dugu zein nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun berton. Horretarako, Euskararen Errepublika independentea eskuratu behar dugu ezinbestean. Soilik horrela lortuko dugu Euskal Herri euskalduna berreraikitzea.
Hori dela eta, gaurkoan, Euskal Herrian Euskaraz-ek 3 dei luzatu nahi ditu:
• Lehenengoa: Euskalgintzari.
Euskalgintzari dei egiten diogu euskararen borroka biderkatzera; euskalduntzearen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen aldeko jarduna berrindartu eta Euskal Herri luze-zabalean hedatzera. Inertziak eta bertan goxo egotea astindu behar ditugu, euskararen aurka datorren oldarraldiaz jabetu eta horri aurre egiteko euskaltzaleon harresia altxatzeko erantzukizuna du euskalgintzak. Ezin dugu beste alde batera begiratu eta ihes egin erantzukizun horretatik. Ortzi-mugan laino beltzak azaltzen hasiak dira eta ekaitz horri aurre egiteko babes bakarra euskaldunon aterperako etxea eraikitzea da; soilik euskaldunok gobernatuko dugun etxea. Eta etxe horren zutabe nagusienetakoa hizkuntza-politika burujabea izango da. Aktiba ditzagun beraz euskalgintzak dituen indarrak norabide horretan instituzio eta eragileak presionatzeko.
• Bigarren deia: Eragile independentistei.
Gero eta eragile gehiago gara Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzen dugun eragileak. Bakoitza bere lehentasunezko kezketatik abiatuta, inolako mendekotasunik izango ez duen herri burujabea aldarrikatzerako bidea egiten ari gara. Erabaki ahalmena berton bizi garenok soilik izango dugun herria amesten dugu. Mundu anker eta bidegabe honetan bestelako jendarte eredua eraikitzeko. Inolako zapalkuntzarik izango ez den euskal jendartea eraikitzeko.
Horregatik, eragile independentistei adierazi nahi dizuegu argi izan behar duzuela prozesu subiranista zintzoa izateko nagusiki euskaraz izan behar dela. Euskararik gabe ez dagoela Euskal Herririk. Euskara ere prozesu subiranistaren erdigunean kokatu behar duzuela gainontzeko aldarrikapenekin batera, benetan urrats erabakigarriak emateko prozesu horretan. Bizitzak erdigunean jarri behar ditugu eta herri honen bizigaia euskara da. Herria da gorputza, hizkuntza bihotza.
Premisa horretatik abiatuta, bizi dugun egoerak eragile politiko, sindikal eta sozial independentistok elkarrekin esertzea eskatzen du Euskal Herrian Euskaraz-en ustez; adostasunak bilatu eta guztion artean Euskararen Errepublikara, Euskal Errepublikara, eramango gaituen gehiengo sozial independentista egituratzeko. Gure herrikideak ilusionatu eta aktibatu behar ditugu askatasunera eramango gaituen ipar baten bueltan. Gure herriak eskatzen du.
Datozkigun astinaldiak bizirik gauden euskaldun gehienok inoiz ezagutu ez ditugun dimentsio eta intentsitatekoak izango dira eta horiei soilik herri gisa baturik aurre egin ahalko diegu. Hori epe erdian egin ezean, neoliberalismo homogeneizatzailearen eta estatuen zentralismo linguiziden olatuak gainetik igaroko zaizkigu; herri gisa desager arazia izateko arrisku nabarmenarekin. Euskal Herriak behar du beraz. Soilik horrela lortuko dugu gure hizkuntza, kultura eta nortasunari eustea eta ondorengoei transmititzea.
• Hirugarren eta azken deia: Euskaltzaleei, zuei.
Grin euskaltzalea berpiztu eta euskararen eta gure hizkuntza-eskubideen aldeko borroka biderkatzeko unea dugu, beste hainbatetan egin bezala. Herritar euskaltzaleak izan gara euskararen berreskurapenaren motorea eta horrela izango da etorkizunean ere. Euskaltzaleak gara Euskal Herriaren berreuskalduntzearen berme bakarra.
Ahal dugun guztietan euskaraz bizitzetik hasita. Jakitun izan behar baikara euskaraz bizitzea euskaldunok egin dezakegun ekintzarik desobedienteena dela. Euskaraz hitz egiten dugun bakoitzean Espainiatik eta Frantziatik deskonektatzen gara. Euskaraz bizitzea korronte hegemonikoen kontra egitea da.
Baina horrekin batera, XX. mendearen bigarren erdi aldean egin bezala, euskaltasunaren berpizkunde berria sustatu behar dugu. Euskararen normalizazioa irabazpidean jarriko duen herri bultzada berria sustatu behar dugu.
Beraz, gutako bakoitza norbere herrian, lantokian, hezigunean, elkartean euskalduntzearen aldeko borroka biderkatu eta berrindartzera dei egiten dizue EHEk. Jarrai dezagun Euskararen Errepublikaren oinarria egunero eraikitzen eta bere aldeko indarrak metatzen. Berandu baino lehen Euskal Herri euskaldunera jauzi egiteko.
Gure gaurko mintzaldia beste intelektual handi bat oroituz amaitu nahi dugu. Kasu honetan euskalduna. Behinola esaldi hau esan zuen Txillardegi handiak: “Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz”. Hori da euskaltzaleok gaur gogoan izan beharrekoa eta horren arabera jokatu behar dugu ezinbestean.
Gora euskararen borroka!
Gora Euskal Herri aske eta euskalduna!
Gora euskararen errepublika!
|
Euskaraz bizi sarean