Badator Euskararen Udaberria. Horren zalantzarik ez dugu Euskal Herrian Euskarazen. Azken urteak zailak izan dira euskararentzat eta euskal hiztunontzat. Pandemiak gogor jo ditu euskara normalizatzeko kostata eraiki ditugun ekimen eta egitura jada aurretik zaurgarriak zirenak. Konfinamenduak begien bistan utzi dizkigu herritarren gehiengoaren mugak euskara ikasi edo euskaraz bizitzeko, euskalgintzaren eta euskal kulturaren egitura ahulak, baita bertoko administrazio publikoen axolagabekeria euskararekiko ere.
Koiunturazko gertaera horretatik harago, euskararen eta euskaldunon aurkako zapalkuntza estrukturalaren adierazpenak etengabeak izan dira ere azken hilabeteetan. Izan epaitegien epaien bitartez, izan gobernuen erabaki edo debekuen bitartez, frantziar eta espainiar estatuen inposizio linguistikoak iraunkorki kolpatzen jarraitzen gaitu. Horiek guztiek behin eta berriz oroitarazten digute hemen hizkuntza nagusiak zeintzuk diren, espainiera eta frantsesa direla ezagutu beharreko hizkuntza bakarrak; euskara, onenean, borondatezko aukera bat izatera mugatzen duten bitartean. Inposizio hori behin eta berriz azaltzen zaigu lan-deialdi publikoetan euskara lanpostu guztietarako eskatzea debekatzen denean; hezkuntzan euskarazko murgiltze eredua orokortzeko borondaterik adierazten ez denean edo euskararen kaltetan ingelesa sustatzeko PAI eredua onartzen denean; edo ikasleei azterketak euskaraz egite hutsa debekatzen zaienean. Euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketa askotariko eta iraunkor horrek helburu bakarra du: Euskal Herriaren berreuskalduntze prozesua oztopatu eta, ahal izanez gero, euskara berriz ere galzorira jaustea. Bi estatu linguizidek ez daude prest onartzeko euskararen egoera normalizaturik, ez eta euskaraz biziko den Euskal Herria ere. Euskaldunon aurkako ofentsibak ez du etenik beraz.
Baina euskaltzaleok ez gaude etsipenean erortzeko prest. Azken hamarkadatan behin eta berriz egin bezala, orain ere gure eskubideen alde zutitu, kaleak hartu eta euskararen normalizazioaren aldeko lanari bultzada berria ematera goaz. Euskal Herriaren berreuskalduntzean fase berria irekitzera goaz. Horretarako baldintzak badaude eta euskaltzaleon borondate nagusia hori da. Horrela agerrarazi dugu inoizko Korrikarik jendetsuenean eta hori bera adieraziko dugu datozen asteetan egingo diren mobilizazioetan, ikastolen festetan, euskal eskola publikoaren jaian edo UEMA Egunean, besteak beste.
Deialdi horien artetik EHEtik bi deialdi nabarmendu nahi ditugu ohar honekin: maiatzaren 7rako Kontseiluak Iruñean deitu duen manifestazioa bata, eta maiatzaren 21erako Euskara Aurrera ekimenak Donostian deitu duen manifestazioa bestea. Biak ala biak egungo abagunean garrantzi esanguratsua hartzen duten deialdiak. Bi mobilizazio hauek aukera ezin hobea eskaintzen digute euskaltzaleoi kalera atera, euskaraz bizitzeko dugun nahia adierazi, eta, Euskal Herri euskaldunera jauzi egiteko indarrak metatzeko.
Aipatu egitasmo horiek guztiak gehi euskalduntzearen alde herriz herri egiten ari diren beste hamaika tokiko egitasmok abian jartzen ari garen Euskararen Udaberriaren loreak dira. Estatuen inposizio linguizidaren neguari aurre egiten ari dion udaberria. Zalantzarik gabe euskalduntzeari fruitu berriak ekarriko dizkion susperraldia. Baina, horretarako euskaltzaleok berriz ere aktibatu eta kalera atera behar gara, gure eskubideen defentsan irmo azaldu eta Euskal Herri euskalduna erdietsi arte dugun konpromisoan berresteko unea da. Hizkuntza-politika berri egoki eta burujabearen alde, zein euskararentzako ofizialtasuna Euskal Herri osoan eta lege-babes egokia aldarrikatzeko, euskaltzaleok kalera!
Euskal Herrian Euskaraz
|
Euskaraz bizi sarean