• 07
    URR

    Urruñako EHEk antolatuta, "gaualdi" ederra igaro zuten makina bat urruñar euskaltzalek. Taldea ezagutzera emateaz gain urruñarrei euskaraz ongi pasatzeko aukera eskaini nahi zieten. Horren bidean egin zituzten euskara ikasten ari direnentzat ariketa praktikoak edota herri euskaldunak jasaten dituen oztopoen inguruko gogoeta. Balorazio "oso positiboa" egin dute antolatzaileek.

    Bi Estatuek zein bertako udalak euskarari jarritako "oztopoen aurrean" eta herrikideen hizkuntza jarrerak iraultzea xede, bi laguntzailekin bat EHE taldea sortu berri dute hiru urruñarrek. Taldea ezagutarazteko antolatu zuten irailaren 20ko gaualdia. Euskara ez dakitenei lehen pausuak ematen lagundu, euskara ikaste bidean direnei ariketa praktikoak egin, euskaldunok bizi ditugun oztopoen bueltan hausnartu... denerako parada izan zen irailaren 20an, betiere euskara ardatz zutela noski. 35 lagun inguru hurreratu ziren eta beraien balorazioa zinez "positiboa" izaki, jada hasiak dira hurrengo gaualdia prestatzen.

    Hona hemen Urruñako EHEko kideek egindako kronika:

    Urruñan, euskaraz bizi gaualdia antolatu genuen irailaren 20an.
    Gaualdi hori, helburu desberdinekin antolatu genuen.

    Gure taldearen sorrera ezagutzera emateaz gain, euskaraz momentu on bat pasatzeko parada eman nahi genien Urruñarrei.

    Bestalde, euskara ikasten ari direnei ariketa praktikoa proposatzea, eta euskara ez dakitenei lehen pausuak ematen laguntzea genuen xede.

    Herritarrengandik hurbiltasun hori lortu genuen, eta eguneroko bizian euskaraz bizitzeko zituzten oztopoetaz mintzatu ginen.
    35 pertsona bildu ginen, eta orohar oso pozik bueltatu ziren etxera.

    Gure balorazioa oso positiboa da, eta horregatik hurrengo gaualdiaren prestatze lanetan jarri gira.