• 05
    OTS

    Herritarrek osasungintzan jasaten duten etengabeko hizkuntza eskubideen urraketaren aurrean, kanpaina abian jartzea erabaki dute zenbait eragile euskaltzaleren babesarekin. Herritarrak izango dira ekimenaren protagonista, beraiek izango baitira eskaera egiteaz arduratuko direnak, osasun-etxeetan herritarren eskaerak pilatu daitezen. Era horretan, Osasunbidea erantzutera behartuko dute. Erantzuna ezezkoa bada, jarraipena emango diote kanpainari, osasun-etxeak euskaldunei dagozkien hizkuntza eskubideak bermatu arte.

    Baztango euskalgintzak eta Baztango Udalak  osasun zerbitzuak euskalduntzeko aldarria zabalduko dute   otsaila akitu arte iraungo duen kanpainaren bitartez. Kanpaina hau babesten Kontseilua, Behatokia, EHE, Topagunea, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea eta UEMA izango dituzte.


    Dinamika honen bidez, herritarren parte hartzea eta inplikazioa bilatu nahi da, administrazioan eraginez euskarazko osasun zerbitzuak lortzeko. Etxez etxe banatuko diren eskuorriak baliatuz mediku eta pediatra euskaldunak eskatu ahalko dituzte baztandarrek. Herritarrek osasun etxera hurbildu beharko dute eskaera betetzera eta behin eskaera beteta, kopia orria  Iruritako kontsultategian eta Elizondoko Udaletxean egongo den kutxan utzi beharko dute.


    Eskuorrietan Elizondoko osasun-etxean paratuta egongo zen kutxan sartzeko eskatzen bada ere, kanpainaren berri ematen duen materiala eta eskaeren kutxa jartzeko debekua iritsi da Iruñetik, beraz, Udaletxera pasa behar izan da osasun-etxean zegoen material guztia.


    Pixkanaka, osasun-etxeetan herritarren eskaerak pilatu nahi dituzte kanpainaren bultzatzaileek. Osasunbideak eskaera guztiak erantzun beharko ditu, eta horretan, bi aukera aurreikusten dituzte antolatzaileek. Eskatzaileari medikua aldatu eta euskarazko zerbitzu bermatzea edota, hainbat arrazoirengatik euskarazko zerbitzurik ezin dutela eman argudiatzea.


    Eskaera egin eta gero euskarazko zerbitzua eskaintzen ez zaien kasuen jarraipena egiteko konpromisoa hartu dute antolatzaileek. Osasun zerbitzuetako agintariei eta Arartekoari jakinaraziko dizkiete, beharrezko diren neurriak hartzeko exijituz. Modu horretan hasitako bidea amaiera arte eramateko ahalegina egingo dute.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.