• 14
    AZA

    Bilboko Euskal Herria Bilduk antolatuta, Imanol Galfarsoro eta Txerra Rodriguezek euskalduntasun urbanoaz hausnartu zuten asteartean. 

    Txerra Rodriguezek gogoeta interesgarria plazaratu du bere blogean:

    Pasa den asteartean, Imanol Galfarsoro eta biok aritu ginen honen gainean (ezta)baidatzen. Berbaldiaren izena Euskalduntasun urbanoaren bila izan zen eta egia esateko gaitik apur bat aldenduta ibili ginen. Hala ere, saiatu nintzen, apur bat bada ere, gaiari lotzen (bertso txapelketa batean epaileek jipoituko gintuzten, Imanol!).

    Zelakoa izango da euskalduntasuna Bilbon XXI. mendean? Ba, ez dakit, egunez egun joan beharko da egiten, aldatzen, berritzen, zaharberritzen, asmatzen, moldatzen, hanka sartzen eta berriro asmatzen. Bilbon bizi diren eta biziko diren euskaldunek eraiki egin behar dute txiri-txiri eta lotu barik. Baina, gauzak ondo bidean, anitzagoa izango da, ez da izango bakarra. Euskalduntasuna bizitzeko bide asko (gehiago?) egongo dira etorkizunean.

    Baina bai dakit zelakoa ez den izan behar.

    Kito hizkuntza zaharrenaren mitoa. Gurea ez da munduko hizkuntzarik zaharrena, berriena eta modernoena baizik. Gaur erabiltzen ari naizen berbetatik zenbatek erabiltzen zituen orain dela 30-35 urte era natural xamar batean? Gurea hizkuntza plastikoena da, berriena, egunez egun eraikitzen ari garen obra artifizial kolektiborik handiena. Eta segi dezagun, kontxo, aprobetxa dezagun.

    Kito arbasoen mitoa. Euskara zerbait bada gaur eta hemen, arabasoena baino, gurea da. Nire arbasoek ez zuten berba egiten neure modura (eta horrela izan dadila aurrerantzean ere). Gure ondorengoena izan dadila eta ez arbasoena. Eta zerbait esaten badugu, goraipatu dezagun euskaldunok izan dugun kemena hizkuntza bizirik atxikitzeko. Beste ezer ez.

    Kito baserritarkeria. Bilbon ez da baserririk geratzen, Bilbon asfaltoa eta zementua dago. Eta zementurako ere balio du gureak, balio duenez. Kanpora baserria eta hari lotutakoak, eta ondo etorriak bestelakoak: bideo-jokoak, artea, grafittiak, tatuajeak, teknologiak eta abar.

    Kito folklorea. Kito trikitixa eta kito euskal kanta tradizionalak. Lekurik izango dute horiek ere geroan, jakina, baina ezin dira izan euskalduntasunaren erdigunea Bilbon. Bestelako gauza batzuk izan behar dira. Bai, beste batzuk. Horiek badira, gazteak eta ez hain gazteok arrapaladan irtengo garelako.

    Azken finean, aldarrikatzen ari naizena da topiko, aurreiritzi, ideia prefabrikatuetatik ihes egitea, eskapo egitea. Euskalgintza eta herrigintza egiteko molde berriak behar ditugula, orain arteko askok ez baitute balio. Sortzaileago eta askeago izatera deia da, kritikoago izateko deia, egiten duguntxotik abiatuta. Umorea eta parodia erabili, mobilizazio molde berritzaileak, irria ahoan baina gurean tinko, eta, batez ere, esaten dugunetik egiten dugunera tartea laburtzea.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.