• 30
    UZT

    Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoko Kabineteak argitara atera berri duen ikerlanak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako baldintza soziolinguistikoak "gaztelaniaren aldekoak" direla ondorioztatu du. Zaharrak berri. Horren aurrean, "elebitasun sozial orekatua" helburu, Patxi Baztarrikak interbenitu beharra azpimarratu du, zer esparrutan edota zer neurri hartuz eragin beharko litzatekeen argitu gabe. Bestalde, eta zeharkada bada ere, euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna ameskeriatzat jo du.

    Eta orduan, erakundeen esku hartzearen beharrezkotasunaz jabetu zen Baztarrika
    Patxi Baztarrika eta Iñaki Martínez de Luna

    Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoko Kabineteak “Euskara EAE-n: gaitasuna, erabilera eta iritzia” ikerlana burutu du. Ondorioak plazaratu zituen atzo Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak.


    Enegarren ikerketak aurrekoetakoa berretsi du, hots, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako baldintza soziolinguistikoak “gaztelaniaren aldekoak” direla. Sailburuordeak egoera hori eragiten duten zenbait arrazoi zerrendatu ditu: “gaur oraindik gizartearen parte bat baino ez da bi hizkuntzak erabiltzeko gai”, “euskaraz badakitenen artean askoz gehiago dira gaztelaniaz euskaraz baino erraztasun handiagoa dutenak”, “prestigio” falta, “zenbaitek konfrontaziorako erabiltzen du euskara”… Hizkuntza eskubideak etengabe urratzen direla ere aitortu zuen, euskaraz bizitzea “zenbait testuingurutan zaila (…) –edo ezinezkoa–”gertatzen dela argituz. Azken buruan, Baztarrikaren hitzetan, “elebitasun indibiduala mugatua izateak elebitasun sozial orekatua eragozten du”. Elebitasun indibidual mugatuaz mintzo denean gehiengoak euskara ez duela menderatzen esan nahi du. Berak hezkuntza arloan babestutako sistemen ereduak, ordea, makina bat ikasle erdaldun hezten ditu. Iaz, esaterako, soilik Donostian 10.100 ikasle matrikulatu ziren erdal ereduetan (Eusko Jaurlaritzaren datuak).


    Egoerarekin konforme ez, eta horren aurrean “interbenitu” egin behar dela iritzi du “ez interbenitzeak –edo oso gutxi eta partzialki interbenitzeak– hizkuntza bien arteko desoreka areagotzea” baitakar. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan euskarak izandako “hazkunde eredugarri eta ikaragarria” esku hartzerik gabe ezinezkoa litzatekeela gaineratu zuen. “Interbentzio” hitza behin eta berriz aipatu du, berau “adostua” izan behar dela ñabartuz, nahiz ez zuen argitu esku hartze hori zer neurri zehatzetan islatu beharko litzatekeen.

    kontseiluaren Hizkuntza Politika Eragingarria edota Ikasle Euskaldun Eleanitzak hezteko proposamenak abian jartzea ere bada interbenitzea, esaterako, baina Baztarrikak ahaztu egiten ditu proposamenok bere analisietan. Dena den, ezin dugu ahaztu interbenitzeaz lezioak ematen ari zaizkigun honek uko egin diola behin eta berriz euskaldunon hizkuntza eskubideen alde esku hartzeari. Bera sailburuorde zen beste legegintzaldietan kasu, Lan Deialdi Publiko edo oposaketetan euskararekin zer gertatu den ikustea besterik ez dago. Gauza bera, 30 urteotan praktikan jarri diren eta ez diren hizkuntza politiken kasuan, ez betetzeko onartu diren hainbat eta hainbat euskara plan eta enparauen aferan... Halaz ere, legegintzaldi honetan ezagutu dugu bera karguan jarri duen Gobernuko alderdiaren "interbentzio adostu" delakoaren adibiderik. Bat behintzat bai: EAJren eta PPren babesarekin haurreskoletan gaztelania sartzea eragin duena.

    Badu zeri heldu Baztarrikak. Interbentzioak interbentzio, boluntarismoaren bidetik, “herritarren gogoa” jo zuen giltzarritzat, “euskara besarkatzea edo euskarari bizkarra erakustea” geure esku omen baitago.

    Baina, erakundeen esku hartzea, zeren bidean? “Elebitasun sozial orekatua” da sailburuordearen xedea. Ondorioz, euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna ameskeriatzat jo zuen, munduan “hizkuntza txikiagotu batek hizkuntza hegemonikoaren lekua osorik bete duen” kasurik ez dela argudiatuz.

    Ameskeria, baina, hizkuntza politika ausartik gabe hizkuntza gutxitu bat normalizatu daitekeela pentsatzea da.

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.