Berria egunkariari egindako elkarrizketa batean, Carlos Perez-Nievas Nafarroako Hezkuntza Kontseilariak esan du azken Inkesta Soziolinguistikoaren datuak kontuan izango dituen arren ezin zaiola UPN buru duen gobernuari eskatu Euskararen Legea aldatzeko. Areago oraindik, gobernua ez dagoela horretara behartua gaineratu du. Nafarroako gobernuak aurrera daraman hezkuntza politikari egotzi nahi izan dio gainerakoan euskara ulertzen dutenen igoeraren gakoa
Nafarroako Gobernuak iragan abenduaren 31 baino lehen eman behar zituen argitara azken inkesta soziolinguistikoaren datuak, baina ez du esandakoa bete duela hiru astera arte. Berria egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, Nafarroako Hezkuntza kontseilari Carlos Perez-Nievasek aipatu inkestaren emaitzak eta euskarak Nafarroan bizi duen egoera izan ditu hizpide. Bertan,berak zuzentzen duen Hezkunta Departamenduaren politikari egotzi nahi izan dio inkestan atzematen den euskara ulertzen dutenen igoera (%10,5etik %11,9ra), baina ez da horretan gelditu. Igoeraren fruitua bera parte den gobernuari esker izan dela aitortu badu ere, eremu euskaldunean euskara ulertzen ez dutenen kopurua ia bikoiztu izana (%5,7tik %10,1era) etorkinen gorakadari ezarri nahi izan dio.
Nafarroako Gobernuak euskararen alde abiatzen dituen egitasmoei arreta jarri beharrean Euskarabidearen aurrekontuaren jaitsiaerari erreparatzen zaiola arbuiatu du Perez-Nievasek, eta D ereduari bideratzen zaizkion milioika euroak ez direla aintzat hartzen salatu du. Bestalde, TIL ereduak ez diola euskarari kalterik eragiten eta beren seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatu nahi ez dituzten hainbat guraso erakarri ditzakeela argudiatu du kontseilariak, eta ez ditu onartu "eredu berritzaile" bezala definitu duen TIL ereduaren kontrako kritikak, beren esanetan, aipatu ereduak ez baitira "kontrajarriak". Hala, ez ditu aipatu, beste askoren artean, Txantreako Axular ikastolako gurasoek beren seme-alabak D ereduan matrikulako dituzten arazoak eta Baztango bailaran D eredua zuen ikastetxean TIL eredua ezarri izana zentzu horretan epaitu beharrean, hizkuntzen arteko elkarbizitza sustatzeko baliagarria dela adierazi du. Areago, eremu misto eta euskaldunetatik kanpo ere D ereduan ikasteko aukera egon badagoela baieztatu du Perez-Nievasek eta beraz, "euskararen presentzia" dagoela Nafarroa osoan.
Baieztapen horrekin, inkesta soziolinguistikoan gadekatutako hamar lagunetik seik aitortu duten Nafarroa osoan euskarazko hezkuntza eskaintzeko nahiari erantzun nahi izan dio kontseilariak. Bestalde, eremu erdalduneko hamar herritik bederatzik eremu mistoan egon nahi dutela esaten du inkesta soziolinguistikoak, baina herrien nahia betearaziko duenentz galdetu zaionean, herritarren hizkuntza eskubideen bermea baino, nahi hori betetzeko beharrezkoa den Nafarroako Legebiltzarraren gehiengo absolutua hartu du ahotan. Alta, beren borondatea beti ekintzen bidez argi utzi badu ere, garbiago utzi nahi izan du Perez-Nievasek Gobernuaren asmoa. UPN buru duen gobernuari ezin zaiola eskatu Euskararen Legea aldatzeko esan du, eta areago, ez dagoela horretara behartua.
Eranskinak:
Irakurri albistea osoa www.berria.info webgunean
{mosimage}
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean