Zatoz euskaltegira! agiria sinatu zuten atzo hainbat eragilek, hauteskunde kanpainan murgildurik dauden alderdi politikoek barne. Euskara gainditu ezineko "marra gorria" dela dio testuak.
Euskaltegiak goretsi eta haien aurkako murrizketa ekonomiak salatzeko agerraldia egin zuten atzo 74 eragilek Euskaltzaindiaren egoitzan. Aurpegi ezagun askok eman zion atxikimendua Zatoz euskaltegira! agiriari, baita hauteskunde kanpainan murgildurik dauden alderdi politikoek ere. Horrek ezohiko argazkia lortu zuen: EAJ, PP, PSOE eta ezker abertzalea elkartu egin ziren helduen euskalduntze prozesuaren alde. Igone Lamarainek ere testua sinatu egin zuen EHEren izenean.
Agirian euskaltegietan egiten den lana aitortu egiten da, eta hezkuntzaren beharra nabarmendu. "Irakaskuntza da euskararen normatibizazio eta normalizazioaren esparruetan arlo esanguratsua eta aproposa, hortxe ere nabarmentzen baita ibilbide honen indarra", azaldu du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Gainera, Euskara gainditu ezineko "marra gorria" dela jasotzen du agiriak. Horregatik, krisi ekonomikoak euskaltegien jarduna ez oztopatzeko konpromisoa hartu dute sinatzaileek. Izan ere, Berriak argitaratu duenez, aurten Eusko Jaurlaritzak %4,9 murriztu ditu euskaltegien laguntzak, eta iaz %3,9. Beraz, bi urtetan 1,8 milioi euro gutxiago banatu ditu helduen euskalduntzerako. Euskaltegi publikoei, berriz, %5,1 murriztu zieten joan den urtean. Aurtengo daturik ez dago oraingoz.
Hitzetatik ekintzetara
Euskaltzaindiaren egoitzan bildutako eragileen artean azpimarratzekoa izan zen alderdi politiko nagusien presentzia. Hauteskunde kanpainak izanen zuen zer ikusirik horretan. Dena den, Zatoz euskaltegira! agiria sinatu egin dute. Orain, baina, hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea da. Hauteskundeen ondotik gobernu berria osatuko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horren arduretako bat izanen da euskararen normalizazioari behin betiko heltzea. Aurten, hiru lurraldeetako euskararen legeak 30 urte betetzen dituen honetan, beharrezkoa da neurri zehatzak eta urrats sendoak ematea euskararen normalizazio prozesuan. Ikusiko dugu atzokoa hauteskunde kanpaina garaiko argazki batean geratzen den.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean