• 15
    URT
    Hala Bedi Bi euskara hutsezko irratia sortu da

    Euskara espazioak irabazten ari da gutxinaka. Iragan abenduaren 28tik aurrera, irratietako uhinetan ere presentzia handiagoa du, Hala Bedi Bi “euskara hutsezko irrati librea” jarri baita martxan. FMko 88.8 frekuentzian izango dugu entzungai. Proiektuan parte hartuz edota berau kontsumituz, euskaltzaleoi dagokigu orain berau hauspotzea. Euskalerria irratiari dagokionean, irratia lizentziarik gabe uzteko prozesua irregularra izan zela eta, prozesua baliogabetu du Auzitegi Gorenak. Denak ez dira berri onak ordea, Sopelako udalak laguntza ukatu baitio UKBERRI.NETi.

    Hala Bedi irratiak euskara hutsezko bigarren emisio bat jarri zuen martxan abenduaren 28an. Ahotsik gabekoei ahotsa ematea xede duen irratiak 30 urte bete dituenean, euskara hutsezko irrati libreak lehen urratsak eman ditu. 88.8 FMan izango dugu aurrerantzean entzungai. Irrati gasteiztarrak emandako pausoarekin, espazio berri bat irabazi du euskarak.

    Irratiaren aurkezpen testuan adierazi zutenez, euskara hutsezko irratia martxan jarriz “historia idazten” ari dira, “euskaraz eta euskaratik” noski. Gasteizen “dardara” sentitzen omen zen estreinako saioan. Hala Bediren 30. urteurrenean “hau dena, euskaraz egiteko ordua ailegatu dela” iritzi dute bertako kideek.

    Bi urte pasa dira Hala Bedik euskara hutsezko bigarren emisio bat abian jartzeko asmoa zuela iragarri zuenetik. 2012ko otsailean Eusko Jaurlaritza irrati lizentzia berriak banatzeko lehiaketa martxan jartzekotan zen eta Gasteizen banatzeko ziren lizentzia guztiak erdarazko irratientzat izango zirela aurreikusten zuten. Hori zela medio, “dialaren aniztasuna bermatzeko gure erantzukizun sozialtzat hartu genuen euskarazko proiektu bat martxan jartzea”. Ekinez, lortu dute Gasteizen euskara hutsezko irrati libre berri bat entzun ahal izatea: FMko 88.8 frekuentzian. Hasiera batean behintzat, musika eta gai ezberdinen inguruko mikro-irratsaioak izango dira Hala Bediren bigarren ahotsa osatuko dutenak. Denborarekin egitasmo berriak gehituz joango zaizkio emisioari.

    Bestalde, euskal hedabideei lotuta, Euskalerria Irratia lizentziarik gabe uzteko prozesua baliogabetu du Auzitegi Gorenak. Era horretan, Auzitegi Nagusiaren epaia berretsi du, irratia lizentziarik gabe uzteko prozesua irregularra izan dela argudiatuz. Jada hiru bider ebatzi dute bera epaileek.  Euskalerria Irratiko zuzendari Mikel Bujandaren aburuz, “pozteko moduko albistea da”, nahiz eta “helmugara” oraindik ez direla iritsi gogorarazi duen. Berak esan legez, oraindik ez daukate lizentzia eskuan.

    Azkenik, Sopelako Udalak UKBERRI.NET Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digital euskaldun bakarra baztertu egin du 2013an kultura jarduerak bultzatzeko diru-laguntzak banatzerakoan. Horren aurrean Iñigo Fernandez de Martikorena Ukberri elkartearen ordezkariak UKBERRI.NETek helegitea jarriko duela jakinarazi du. Irakurleek, baina, ez dute zertan kezkatu. Sopelako Udaletik jasotako mespretxuaren ostean, agerkariaren erredakzioak Sopelan gertatzen deneko informazioa kaleratzen jarraituko duela adierazi du, “orain arte bezala edo indar handiagoz”.

    Euskaldunok gara euskal hedabideen arnasa. Guk bultzatu behar ditugu beraz, berauek kontsumituz zein ahal dugun moduan sostengatuz.
     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.