• 17
    URR

    Egunkaria-ren Alde elkartek antolatuta, eskertza ekitaldi jendetsua egin dute Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean.

    Hamaika urteotako babesa eskertu dute Egunkaria-ko auzipetu ohiek
    Jon Urbe, ARP

    Jende ugari batu da eguerdian Andoainen, Martin Ugalde Parkean. Egunkaria-ren Alde elkarteak eskertza ekitaldi ireki bat antolatu du, eta auzipetuta egondakoez eta langile ohiez gain, politika, kultura eta euskalgintzaren arloko hainbat ordezkari izan dira.

    Juan Mari Torrealdaik auzipetu ohiak egin ditu adierazpenak. Adierazi duenez, "egun handia" da beraientzat. "Zama handia" kendu dute gainetik, "guk, gure familiek, ingurukoek". "Eskerrak ematerakoan, beti labur" geratuko direnaren jakitun, Egunkaria auziaren harira gizarteak adierazi duen giharra "eredugarria" izan dela nabarmendu du: "ez dugu inoiz ahaztuko".

    Eragindako kalteak, baina, ez du atzera bueltarik. "Eragindako kalte handien ordainik ez dago, ez guretzat, ez Egunkaria-ren lagunentzat, ez euskal gizartearentzat". Atxilotu zituztenetik igarotako uneak ere gogoan izan ditu: "Erasoak ugari eta erasotuak ugariago izan dira". Inpunitatea izan da nagusi ordea: "inork ez du hitz sinple bat esan: barkatu". Horren aurrean "ez dezala hau ahaztu" galdegin dio euskal gizarteari. Ahazten bada, "historia txarra errepikatu egiten da". Iraganaren erreparazioan sartuta gauden honetan, "agenda horretan ikusi nahi dugu Egunkaria ere".

    Txalo zaparra hunkigarria jaso aurretik, enegarren aldiz eskerrak emanez bukatu du ekitaldia Torrealdaik: "Eskerrik asko Euskal Herria, Katalunia, babestu gaituzuen guztioi, mila mila esker".

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.