• 13
    API

    Egunkaria auzia delakoaren baitan une garrantzitsua bizi izan da gaurkoan, Madrilgo (Espainia) Audientzia Nazionaleko Gomez Bermudez epaileak, absoluzioa jakinarazi baitie bost auzipetuei. Pozteko albistea etorri da oraingoan epaitegi berezitik, baina kaltea eginda dago; izan ere, 7 urte iragan dira Estatuak indarrez Egunkaria itxi eta herri euskaldunaren kontrako erasoa abiatu eta herri euskalduna bera, euskara, euskalgintza, herri mugimendua eta abar kriminalizatu zituenetik. Epaiak absoluzioa jasotzen du, baina Egunkariak itxita jarraitzen du

     

     

     

    EHEren oharra:

     

    Egunkariak itxita jarraitzen du 
     

    Jakin dugu azkenean Egunkariaren kontrako auzibidearen azken emaitza. Ezin dugu ukatu auziaren ebazpena albiste ona denik, baina era berean, ezin gara poztu erasoak ez duelako lortu bere azken helburua, bidean beste hainbat lortu dituela jakinda.

    Badira zazpi urte Estatuak, koloreak kolore, Euskal Herria asimilatzeko abiatu bidean beste urrats kualitatibo bat eman eta Egunkariarekin batera, euskara, herri euskalduna, euskalgintza, euskal kulturgintza eta bide batez herri mugimendua bera ere kriminalizatu eta auzipetzeko hautua egin zuenetik. Zazpi urte joan dira Estatuaren poliziak euskaraz bizi zen egunkari bakarra indarrez itxi, eta bertako langile batzuk kalean utzi, eta beste batzuk atxilo eraman eta torturatu zituenetik. Estatu arrazoiaren logikaren pean jipoitu zuten euskarazko egunkari bakarra, eta logika zapaltzaile horren pean mantendu dute bere aurkako auzibidea 7 urte luzez, auzipetuei eta bere sendi eta lagunei horrek eragiten dien guztiarekin. 

    Bada pozten gaituenik, absoluzioaz harago ere. Batetik, Estatuak ezin izan du ito herri honen euskaraz bizitzeko nahia eta borondate irmoa. Bestetik, Estatuak ezin izan dio aurre egin herri euskaldunaren, euskalgintzaren, euskarazko komunikabideen eta herri mugimendua adierazle duen herrigintzaren alde mugitu den jende uholdeari, eta horrek, Estatuak ezin duela egin nahi duen guztia frogatzen du. Sekulako sostengua artikulatu izan da eraso honen aurrean. 

    Hala ere, kaltea eginda dago. Ezin da egun batetik bestera 7 urte luzez egindako min guztia konpondu. Ezin da bat-batean Egunkariaren inguruan sortu eta hedatu den irudi kriminalizatua iritzi publikotik ezabatu. Ezin dira torturak gertatu ez balira bezala onartu, eta batez ere, ezin da 7 urte hauetan Egunkaria falta izan zaigun egun bakarra ere berreskuratu. 

    Ebazpenak ebazpen, Egunkariak itxita jarraitzen du. 

    Euskal Herrian Euskaraz-ek urtarrilaren 26an mobilizazio eguna egitea erabaki zuen, eraso horiei aurre egin eta euskal jendartea herri euskaldunaren eta berau hezurtzen duten egituren defentsan aktibatzeko. Ehunka eta ehunka euskaltzalek babestu zuten deialdia han eta hemen. Absoluzioak kaltea handitzea ekidin du, baina hala eta guztiz ere, halako erasoak ez errepikatzeko lehen lerroan egotea dagokigu euskaltzaleoi, herri euskaldunaren aurkako erasoaldiak bizirik baitirau. 

     

    Eranskinak:

    Berria egunkaria