• 17
    ABE

     

    Kontseiluko zuzendaritzak Egunkariaren alde egingo den manifestaziora joateko deialdia egin du. Donostian egindako agerraldian, Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenekin batera, Koldo Tellitu (Euskal Herriko Ikastolak), Joanmari Larrarte (EKT), Mikel Arrizabalaga (Elkar), Unai Larreategi (EHE), Sébastien Castet (Euskal Konfederazioa), Leire Muxika (Emun) Aritz Zerain (Bertsozale Elkartea) eta Aurkene Urrusolo egon dira 

     

     

    Xabier Mendigurenek azaldu duenez, “2003an, Kontseiluak egin zuen deialdiari jarraituz milaka lagun bildu zen Donostian, bidegabekeria hau salatzeko. Ia zazpi urte igaro ondoren, bidegabekeriak bere horretan jarraitzen du eta berriz ere kalera ateratzeko beharra daukagu. Orduan euskalgintzako kide hauek, gure kideak, bortxaz eraman zituzten eta bidegabekeria hori salatu genuen manifestazioaren bitartez; orain ere, berriz Madrilen daude, epaitzen ari dira eta berriro ere erantzun bat emateko premian gaude. Horregatik, larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi du Kontseiluak”.  

    2003ko otsailean egin zen manifestazioa inoiz egin den handienetakoa izan zela aipatu du Mendigurenek. “Oraingoan ere gutxienez maila horretako erantzuna eman behar dugu. Orduan abiatutako erantzun olatuari jarraipena eman behar diogu orain”, azaldu du Mendigurenek. 

    Euskalgintzaren, euskal kulturaren eta orokorrean Euskal Herrian aurkako erasoa izan zen Euskaldunon Egunkariaren itxiera eta baita euskaltzale eta lagun hauen atxilotzea ere, Mendigurenek azaldu duenez. “Euskararen alde lan egitea izan da lagun hauek egin duten gauza bakarra. Eta lan hori gainera, oso modu txukunean egin dute urte hauetan guztietan”. 

    Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu duenez, “herri guztietan dagoen eskubide baten erabilera egin dute pertsona hauek; hau da, bertako hizkuntzaz komunikabide bat sortzea, alegia. Adierazpen askatasunaz baliatzea. Hori besterik ez. Eta horregatik espetxeratu nahi dituzte. Horregatik, prozesu honen emaitza inputatu guztien absoluzioa izan dadin aldarrikatzen dugu.”. 

    2003an geneuzkan arrazoiei jarraituz, oraingoan ere, Bilboko kaleetan egon behar dugu. 2003ko otsailean Kontseiluak egindako manifestazio deialdiari modu masiboan erantzun zitzaiola azaldu du Mendigurenek eta oraingoan ere horrela izan dadin deialdia egin die herritarrei.  

    Bestetik, manifestazioan eta egiten diren gainontzeko deialdietan parte hartzeaz gain, nahi duenak internet bitartez ere babesa adierazteko aukera izango du, www.egunkaria.info webgunera sartuz.  
     
     

    Donostia, 2009ko abenduak 16