• 12
    OTS

     

    Euskal gehiengo sindikalak Egunkaria auziko auzipetuekin bat egin du gaur Bilbon, 'Egunkaria libre' lelopean burutu elkarretaratzean. Bertan hartu dute parte ELA, LAB, EHNE, Hiru, ESK eta EILAS sindikatuetako kideek. Sindikalgintzarekin batera elkarretaratu dira hainbat herritar, batzuk ezagunak, hala nola ezker abertzaleko kide Tasio Erkizia, Aralarko Josu Murgia, Alternatibako Jonathan Martinez, zein AEK-ko Edurne Brouard eta Lutxo Egia idazleak

     

     

    Berria egunkariaren web gunetik hartutako albistea:

    Egunkaria auzia epaiaren zain dagoen honetan, ELA, LAB, EHNE, Hiru, ESK eta EILASek osatutako Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak auzipetuei bere atxikimendua adierazi die gaur, Bilbon egindako elkarretaratzean. Arriaga plazan bildu dira, 12:00etan, eta sindikatu horietako ordezkariek eutsi duteEgunkaria libre! zioen pankarta, haien artean Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eta Ainhoa Etxaide LABekoak. Sindikalgintzaz gain, bertze hainbat arlotako jendeak ere bat egin du elkarretaratze honekin; han izan dira, bertzeak bertze, Xabier Lapitz kazetaria, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea, Josu Murgia Aralarkoa, Jonathan Martinez Alternatibakoa, Edurne Brouard AEK-ko arduraduna eta Lutxo Egia idazlea. Joan Mari Torrealdai ez bertze lau auzipetuak ere bertan izan dira: Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga, Txema Auzmendi eta Iñaki Uria. 

    Elkarretaratzearen ondoren, Uriak adierazpen batzuk egin ditu auzipetuen izenean. Sindikatuei eskerrak eman dizkie "itxiera garaian eta ondoren egindako lanagatik", baina bai Egunkaria-ren aurkako prozesuari, bai gisakoei "adi" egoteko eskatu die. Bereziki aurki hasiko den Udalbiltzaren aurkakoa aipatu du Uriak. 

    Otsailaren 1ean izan zen Egunkaria-ren aurkako epaiketaren azken saioa, eta epaiaren zain gelditu da. Fiskaltzak eta defentsak absoluzioa eskatu zuten bortz auzipetuentzako, eta Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek, aldiz, 12 eta 14 urte bitarteko kartzela zigor eskaerak egin zituzten.

     

    Eranskinak:

    Berria