Araba, Bizkai eta Gipuzkoako irrati lizentziak banatzeko lehiaketa eginen du Eusko Jaurlaritzak heldu diren egunetan. Gaur da izena emateko azken eguna, eta bezperan agerraldia egin dute Arrosa Irrati Sareko kide batzuek. Euskara zokoratzea salatu dute, eta Euskal Herritik sortutako hedabideen euskal lege bat sortzea beharrezkotzat jo dute.
Audioa, helbide honetatik ekarria: bitakora.arrosasarea.org/podpress_trac/web/2229/0/Prentsaurrekoa-lizentzia-eskaerak.mp3
"Euskara hutsezko irratientzat lizentzia gutxi banatzen dira, eskualde batzuetan ez dago erreserbarik eta eskualderen batean euskarazko proiekturik ez bada aurkezten lehiaketara edo puntuazio nahikorik lortzen ez badu, frekuentzia hori ez da hutsik geratzen: zuzenean erdarazko irrati batek hartzen du", azaldu dute Arrosa Irrati Sareko kideek. Gainera, beste irratiei ez zaie euskarazko gutxieneko kuotarik eskatzen, eta hori ere salatu dute euskal irratiek. Azkenik, egungo dial erdalduna euskalduntzen joateko aukera galtzea leporatu diote Jaurlaritzari. "1986ko esleipenak ez zuen ondorio eraginkorrik izan euskararen normalizazioan, eta, horregatik, dekretu berri honek neurri konpentsatzaileak izan beharko lituzke".
Egoera honen aurrean, "premiazkotzat" jo dute Euskal Herritik sortutako hedabideen euskal legea sortzea. Haien aburuz egoera honek ezin du beste hamabost urtez jarraitu. Alderdi politiko eta eragileei eztabaida bultzatu eta gaia euren agendan sartzeko eskatu diete. Prentsa aurreko agerraldia egin duten irratiek lehiaketan parte-hartzeko hautua ere azaldu dute. Besteak beste, euskararen normalizazioa bultzatzeko eginen dute. "Uste dugu komunikabideak tresna izan behar direla euskararen normalizazioan, eta ez oztopo", azaldu dute.
Prentsa aurreko agerraldian, euskaraz ez ezik, irrati komuniarioen egoeraz ere mintzatu dira. Lehiaketan parte-hartzeko oztopoak ere aipatu dituzte, eta Euskal Herriko dialaren egoera aztertu dute.
Informazio gehiago Arrosa Irrati Sarean
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean