"Guk eskola euskalduna!" kanpainari ekin dio EHEk. Bost kide Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren egoitzan sartu dira, eskola emateko itxura eginez. Foruzainekin euskaraz aritzeagatik bostak komisaldegira eraman dituzte. Gaurtik hasita Euskal Herri osoan izanen dira ekimenak.
"Guk eskola euskalduna" lemapean, hezkuntza alorrean ematen ari diren erasoak salatzeko kanpaina hasi du Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak Iruñean. 11:00etan bost lagun Nafarroako Hekuntza Departamentuaren egoitza aitzinean eskola ematen ari zirelako itxura egin dute. "Eztabaidan hasi gara hezkuntza ereduen eta Wert ministroaren azken proposamenaren inguruan", azaldu dute.
20 minuturen buruan, eraikinean sartu dira "klasearekin jarraitzeko asmotan". Orduan, Foruzaingoa agertu da. "Gazteleraz zuzendu zaizkigu eta identifikatzeko asmoa genuela erantzun diegu, betiere, euskaldun batekin", azaldu dute. Foruzainek errespeturik gabe erantzun dute: "Hobe da denontzat elkar ulertzea, batez ere zuentzat, baina bai eta guretzat ere. Eta elkar ulertzeko, ongi hitz egin beharra dago. Zuek nik erraten dudana ulertzen duzuela uste dut, baina nik ez dut ulertzen zuek diozuena". Euskaraz mintzatzen jarraitu dutenez, komisaldegira eraman dituzte bostak.
Komisaldegian polizi euskaldunaren zain egon dira ordu bete inguru. Datuak eman ondotik alde egiteko baimena eman diete. Notifikazio bat ailegatuko zaiela ere esan diete, nahiz eta ez duten arrazoirik argitu.
Gaurtik hasita, hainbat ekimen eginen ditu EHEk Euskal Herri osoan, eta herritarrei erasoei aurre egiteko deia luzatu die.
Oharra:
Sarritan esan dugun legez, Euskarak beren herrian bizi duen egoera ez da euskaldunok nahi eta behar duguna. Euskal herritarronak ez diren interesak babesten dituzten menpeko gobernuen eskutik, euskara eta euskaldunok bigarren mailako izatera kondenatzen gaituzten menpeko hizkuntza politikak jasan eta pairatu behar ditugu. Euskarak lehentasunezko izaera behar duen honetan, aipatu menpeko politikek erdaren nagusitasuna mantentzea, errotzea, trinkotzea eta atzeraezin bilakatzea beste helbururik ez dute.
Aipatutakoa garbi erakusten duen alorra da hezkuntzarena. Areago, azken asteotan Espainiako Hezkuntza Ministeriotik entzundakoen ondotik. Berriz ere, eskolatik hasita nahi dute ekin, euskara eta herri euskaldunaren aurkariek. Alta, guk argi dugu zein den euskaltzaleok jorratu beharreko bidea: Euskal Herri euskalduna eraikitzeko urratsak eman eta erasoei aurre egitea.
Azken urteotan hezkuntzaren alorrean jasan ditugun erasoak eta iruzurrak ez dira gutxi izan; gehiegi aukeran. Frantziar Estatutik ez dator albiste onik. Euskaldunok masiboki agertutako eskariek ez dute erantzunik. Espainiar Estatutik datozen albisteak ez dira hobeak. Wert ministroak egindako adierazpenek jarri zuten aurrekaria: “gure asmoa ikasleak espainolizatzea da”. Katalanei begira egin zituen adierazpenok, baina ez dugu uste euskaldunoi begirako asmoak oso bestelakoak izango direnik. Hitz horien ostean etorri da Hezkuntza Erreformaren zirriborroa. Bazter oro harrotu du. Finean, eta guri dagokigunez, Euskal Curriculumetik are urrunago kokatzen gaituzten neurriak eta ikasleen euskalduntze pattalari ateak are eta gehiago ixten dizkiotenak. Noski, inposaketaren bidez ezarria den-dena.
Halaz ere, EHEtik uste dugu Madrildik datorren eraso berri honek ezin duela balio orain artekoaren defentsa egiteko. Wertek berak utzi zigun jarraitu beharreko arrastoa. Izan ere, bere adierazpen sonatuak egin ostean esan zuen Kataluniako inmertsio ereduaren kontra ari zela; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko administrazioetan abian den ereduen sistema goratu ostean. Horrek esan nahi du, beraz, egungo ereduen sistemak ikasleak espainolizatzeko balio duela bere ustez, edo behinik behin ereduok ez dutela “espainolizazio” hori oztopatzen. Ikasle guztiek duten euskara ezagutzeko eskubidea bermatzeko ez dute balio.
Errealitate ezberdin bezain latzak bizi ditu herri euskaldunak hiru administrazioetan. Euskal Herri mailan 3tik 2 dira derrigorrezko ikasketak bukatzean euskara behar bezala menperatzen ez duten ikasleak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetako egoera okerrera doa egunez egun. Azken hamarkadetan indarrean izan den hiru ereduen moldeak huts egin du bete-betean. Ikasleek ez dute euskara ezagutzen ikastetxetik ateratzeko garaian eta datu orokorrak negargarriak dira.
Aipatu menpeko politiken eragina sekulakoa izan da. Nafarroa Garaiaren kasuan euskaldunon hizkuntza eskubideak hiru eremutan zatikatzen dituen Vascuencearen Legearen gerizpean arituz, hainbat dira euskararen kontra abiatu dituzten erasoak eta iruzurrak. Mintzagai dugun alorrean ere, ez dira gutxi aipatu oztopoak. HELLO haur eskoletatik hasi, PAI (TIL ohia) ereduko ikastetxeetatik jarraitu eta lanbide heziketetatik pasatuz, Nafarroako Unibertsitate Publikora (NUP) bidean, zenbakaitzak dira ikasleen hizkuntza eskubideen urraketak. Edukiei dagokienez ere, Euskal Herria ezabatu egin nahi dute Nafarroaren ikuspegitik, eta alderantziz. Iribas hezkuntza Kontseilariak, halaz ere, kezka bakarra agertu du Werten erreformaren aurrean: “funtzionatzen ari den ereduen sistema” ez ukitzea.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari so, joan den Jaurlaritzak bezala etorri berri denak ere, ereduen aldeko apustua eginez jarraitzen du. Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura sailburu kargua hartu berri duen Cristina Uriartek, Werten erreformaren aurka agertu bada ere, erdaldun elebakar izateko eta ikasleak bertako hizkuntza ofizialean analfabetoak izateko eskubidea bermatzen segituko du. “Aukeratzeko eskubidea” aldarrikatu du, baina euskaldunok ezin dugu gaztelania edo frantsesa aukeratu; euren konstituzioek eta legeria menderatzaileek inposatzen dizkigute. “Kohesio sozialerako bizikidetza linguistikoa” behar dugula dio Uriartek, baina euskaldunok badakigu “bizikidetza” hori ez dela existitzen, edo faltsua dela eta euskaldunon menpekotasunean oinarritzen dela.
Frantziar Estatuak eta euskara onartu ere egiten ez duen legedi baten barruan euskararen aldeko urratsak eman daitezkeela irudikatzeko lana betetzen duen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) ez dute euskaldunak sortu eta heziko dituen ereduaren aldeko urratsik ematen. Areago, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herritarrak analfabeto izatera kondenatzen ditu. Frantses Estatuaren delegatu lana beteaz, EEPk ez du beharrezko irakasle euskaldunak egon daitezen urratsak emateko borondaterik. Frantxua Maitiak prest agertzen du bere burua ikasleek euskara ikas dezaten urratsak emateko, baina noski, mugak eta oztopoak nonahi jartzen dituen legeriaren baitan eta honen aldaketarik gabe. Peillon Hezkuntza Ministroak arazorik ez balego bezala jokatzen du; txintik ez.
Guk, gure eskola
Egoera lazgarri honen aurrean euskaldun eta euskaltzaleok badugu zer esan eta zer egin. Badugu Paris eta Madrilen diseinaturiko legeria menperatzaileei aurre egiteko bidean urratsak ematerik. Izan ere, euskaldunoi badagokigu Euskal Herriaren eta herritarron gaineko asimilazio saiakera hauen aurrean planto egin eta eskola euskalduna aldarrikatzea. Tresna bikaina eskaintzen digu Kontseiluak horretarako: ‘Ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko proposamena’.
Hizkuntza eta curriculuma edozein herriren nortasuna mantendu eta garatzeko ezinbesteko zutabeak dira. Biak ala biak nahi dituzte kontrolpean Madril eta Parisen. Aberri bat eta bakarra da euren helburua, baina guk badugu geurea. Horren alde batu eta jarrera intsumisoak aurrera eramateko garaia da.
Bada garaia erabaki ausartak hartzeko, legeria zahar eta ustelak gainditzeko, inposaketa kudeatzen jarraitu ala geure bidea egin erabakitzeko. Elkarlanerako garaia dugu. Eskola euskalduna nahi dugu. Euskararen ezagutza unibertsala bermatu eta belaunaldi berriak euskaldunduko dituena; Euskal Curriculuma oinarri hartuta euskal nortasunaren eta kulturaren transmisioa ziurtatuko dituen eskola euskalduna, hain zuzen ere.
Hezkuntzaren alorrean ematen ari diren erasoei aurre egiteko deia luzatzen diegu herritarrei EHEtik. Hainbat ekimen abiatu ditugu horretarako, gaurtik hasita.
Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
Iruñean, 2013ko urtarrilaren 23an
Eguneko irudiak (EKINKLIK):
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean