Erakunde publikoek eskola pribatuak ezin dituztela lagundu esan dio Baionako suprefetak Hendaiako Herriko Etxeari, XIX. mendeko Falloux Legean oinarriturik. Seaskak dio ikastola gehienak arriskuan paratu dituela suprefetak, eta horregatik deitu du manifestazioa.
Hendaiako Herriko Etxeak ezin du ikastola berria diruz (edo eraikina eskainiz) lagundu. Hori ohartarazi dio Baionako suprefetak eskutitz baten bitartez. Horretarako, XIX. mendeko lege batean oinarritu da: 1850eko Falloux Legean alegia. Lege hori indarrean egoteak Seaskako ikastolen %80en etorkizuna kolokan paratzen duela esan du Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak, diru laguntza publikoak jasotzen baitituzte. Egoera horren aitzinean, Seaskak manifestazioa deitu du larunbaterako. 17:00etan hasiko da protesta Hendaiako plazan.
Baionako suprefetaren kartak sutu egin ditu Ipar Euskal Herriko euskaltzale eta hautetsiak. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak gibelera egiteko eskatu dio suprefetari, eta erabakiaren atzean Manuel Valls Frantziako Barne Ministroaren itzala dagoela esan du. "Gerla deklarazio" bat dela salatu du, eta manifestazioan parte hartzera deitu ditu euskaltzale guziak. Falloux Legearen aurkako ekimen gehiago izanen direla ere iragarri du Indok. Euskaltzaleak ez ezik, UMPko kontseilari nagusi Max Brisson ere erabakiaren aurka agertu da, eta EPPko zuzendari Frantxua Maitiak bilera eskatu du Baionako prefetarekin.
Nafarroan ingeleraren alde
Bestalde, Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek PAI (lehengo TIL) ingelerazko eredua Nafarroa Garaia osoan zabaltzeko nahia azaldu du. Bere ustez matematikak ikastea bezain inportantea da ingelera ezagutzea. Urrutiago joan nahi izan du, eta euskarari aitortzen ez dion estatusa eman dio ingelerari: "neska-mutil orok, nonahi bizi direlarik ere, ingelera ikasteko eskubidea dute". Aurre matrikulazio kanpainaren atarian egin ditu adierazpenok Iribasek.
Bien bitartean, Nafarroa Garaiko hainbat eragilek D ereduaren aldeko manifestua sinatu dute, ikasle eleaniztunak sortzeko eredu bakarra delako. Nafarroako Ikastolen Elkarteak, Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkarteak, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak, Sortzen-Ikasbatuazek eta Topaguneak aurkeztu dute testua.
Informazio gehiago Berrian:
Seaskaren eskola sartzea arriskuan ezarri du suprefetaren gutunak
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean