• 30
    URT
    Otxarkoagako haurrek ezin dute euskaraz ikasi
    Otxarkoagako haurrak. BILBOKO BRANKA

    Auzoan bi eskola publiko daude, eta DBH eskaintzen duen itunpeko zentro bat. Batek ere ez du D eredua eskaintzen. Auzoko gurasoek, beraz, ezin dituzte haurrak euskarazko ereduan matrikulatu.

    Bilboko Otxarkoaga auzoan ez dago D eredua eskaintzen duen eskolarik. Bi eskola publiko daude bertan, biek A eredua eskaintzen dute, eta DBHko ikasketak eskaintzen dituen itunpeko zentro bat ere badago A eta B ereduak dituena. Herenegun hasi zen haurrak matrikulatzeko kanpaina, eta Otxarkoagako haurrek beste auzo batera joan beharko dute Haur Hezkuntzan, edota Derrigorrezko Lehenengo eta Bigarren Hezkuntzan euskaraz ikasteko.

    Bizkaiko Ikastetxeetako Guraso Elkarteak (BIGE) 2013-2014 ikasturterako eragin eremuak azaltzeko egin zuen txotenak dio Bilboko lau eskola publikotan oraindik A eredua eskaintzen dela: Otxarkoagako bi ikastetxeez gainera, Miribillako eskolan eta Abandoko Cervantes ikastetxean gertatzen da hori. 

    Helduek ere ez

    Haurrek ezin dute euskaraz ikasi, eta helduek geroz eta zailtasun handiagoak dituzte. Izan ere, Bilboko Udalak Otxarkoagan euskara ikasten ari ziren 200 ikasleei diru-laguntzak kendu egin zizkien 2011ko urrian. Euskararen ezagutza murriztu nahi duten ereduen parekoa da Otxarkoagakoa, eta erdaldun elebakarren kopuru handienetarikoa du.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.