"Guk eskola euskalduna!" kanpainaren baitan, EHE Donostiako kaleetara aterako da larunbatean. 11:30ean elkarretaratzea eginen du Hezkuntza delegaritzan eta, ondoren, giza-katea San Patricio Ikastetxeraino. Izan ere, bazenekien 10.100 ikasle daudela Donostian erdal ereduetan ikasten? Erantzun!
Audioa, helbide honetatik ekarria: http://live3.goear.com/listen/bc1c2b8565af50e801db34976290ee09/511a0e9a/sst10/mp3files/12022013/0953187d1138085579eaac141b15df49.mp3
Donostiako EHEren oharra:
Estatu frantsesak euskara “ondare” gisa onartzen du, justu-justu. Peillon Hezkuntza Ministroak arazorik ez balego bezala jokatzen du eskoletan euskararen ezagutza bermatzen ez duen bitartean. Euskaldunak enegarren mailako herritarrak gara. Espainiako Hezkuntza Ministro Wert ere argi mintzatu da: “gure asmoa ikasleak espainolizatzea da”. Hitzen ostean etorri da Hezkuntza Erreformaren zirriborroa. Euskal Curriculumetik are urrunago kokatzen gaituzten neurriak eta ikasleen euskalduntze pattalari ateak are eta gehiago ixten dizkiotenak jasotzen ditu.
EHEtik uste dugu Madrildik datorren eraso berri honek ezin duela balio orain artekoa defendatzeko. Wertek berak esan zuen ez daukala ezer Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko ereduen aurka; ez daude ikasleak espainolizatzeko asmoen kontra. Errealitate ezberdin eta latzak bizi ditu herri euskaldunak, baina guk badugu alternatiba: Guk, eskola euskalduna! Euskararen ezagutza unibertsala bermatu eta belaunaldi berriak euskaldunduko dituen eskola euskalduna!
“Euskararen hiriburua” dugu Donostia, baina badakizu 10.100 ikasle daudela Donostian erdal ereduetan ikasten? 10.100 gazte, euskaraz bizitzeko ezgaituak aterako direnak eta beren ingurukoak ere erdaraz egitera behartuko dituztenak. Argi dago gurean ere asko dagoela egiteko euskararen normalizazio prozesuan eta horren aurrean erantzun beharra dago! Hori honela, “Donostiako Euskal Herrian Euskaraz”-ek, otsailaren 16, larunbata, 11:30tan Hezkuntza Delegaritzaren aurrean burutuko dugun elkarretaratzera etortzeko eta bertatik abiatuta San Patricio ikastetxerainoko giza-katean parte hartzeko deia luzatzen dugu.
Donostian, 2013ko otsailaren 5ean
Donostiako Euskal Herrian Euskaraz
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean