• 16
    OTS

    “Euskara baztertzen duen eredurik ez. Guk, eskola euskalduna!” lemapean 60 lagun inguru bildu dira Donostian EHEk deitutako elkarretaratzean. Kontseiluaren Ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko proposamenaren alde agertu da eragile euskaltzalea.

    Eredu arrotzak baztertzeko eskatu du EHEk Donostian
    Donostiako giza-katea.

    Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak elkarretaratzea egin du gaur Donostian, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak duen lurralde ordezkaritzaren parean. 60 euskaltzale inguru bildu dira “Euskara baztertzen duen eredurik ez. Guk, eskola euskalduna!” lelodun pankartaren atzean. Elkarretaratzearen bukaeran Kontseiluaren Ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko proposamena itsatsi dute Jaurlaritzaren eraikinaren atean. Horren ondotik ekintzaileek giza-katea egin dute Donostiako San Patricio ikastetxeraino, erdal ereduak eskaintzen dituzten ikastetxeetatik pasatuz.

    Ekimen honekin EHEk herri euskaldunak bizi duen egoeraren adibidetzat baliatu nahi izan du Donostia. Izan ere, “euskal hiribururik euskaldunena” ei den horretan soilik, 10.100 ikasle daude euskara ezagutzeko eskubidea bermatzen ez dieten erdal ereduetan ikasten (Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren estatistika arloaren datuak, unibertsitatean ikasten ari direnak kontutan hartu gabe).

    Ekimen hau ez da isolatua izan. Herri euskaldunaren aurka hezkuntzaren alorrean ematen ari diren erasoak salatzeko “Guk, eskola euskalduna!” lelopean kanpaina abiatu zuen EHEk iragan urtarrilaren 23an. EHEko bost kide Nafarroako Hezkuntza Departamenduak Iruñean duen egoitza nagusira sartu ziren eta eskola ematen ari zirenaren itxura egin zuten “Guk, eskola euskalduna” lelodun arbelaren parean.

    Otsailaren 7an, aldiz, EHEko hiru kide sartu ziren Jaurlaritzako Hezkuntza sailak Gasteizen duen lurralde ordezkaritzako eraikinera, eskolara joango balira bezala. Espainiako Hezkuntza Ministro Wertek nahi bezala atera ziren handik, Espainiako banderekin ahoa estalita zutelarik, “espainolizatuta”. Une horretan, ahoko estalkiak kendu eta eskolak ez dituela euskaldundu salatu zuten. Egoera horren aurrean Wertek proposatzen duen Hezkuntza Erreformaren aurrean planto egiteko deia zabaldu zuten. Alta, egun Euskal Herrian indarrean diren hizkuntza ereduek ere ez dutela ikasleek eskolaren bitartez euskara ezagutzeko duten eskubidea bermatzen adierazi eta Jaurlaritzak mantendu nahi dituen erdal ereduak arbuiatu zituzten ekintzaileek.

    Tarte horretan beste hainbat ekimen egiten ari dira EHEko kideak hainbat herri eta auzotan. Informazio eta esku-orri banaketak, erdal ereduak dituzten ikastetxeetan markajeak, elkarretaratzeak, parodiak inauterietan, kalejira aldarrikatzaileak eta abar egiten ari dira Altsasun, Durangon, Gernikan, Beasainen, Arrasaten, Errotxapean, Etxarri-Aranatzen, Lizarran, Zornotzan, Oiartzunen…

    “Guk, eskola euskalduna!” ekimenak segida izango du aurrerantzean egoerak ez baitauka atzera egiteko itxurarik. Espainiako Hezkuntza Ministro Wertenak entzun eta gero ez dugu albiste onik jaso hezkuntzari dagokionez. Hendaiako ikastolaren kasua; EAJ, PP eta UPyDk haur eskoletan gaztelera sartzearen alde Eusko Legebiltzarrean onartutako ebazpena, Nafarroako Hezkuntza Kontseilari Iribasek Werten erreforma babestu izana… Asko dago oraindik egiteko, baina horren guzti horren aurrean badugu alternatiba: guk, eskola euskalduna!

    Euskal Herrian Euskaraz (EHE)

    Donostian, 2013ko otsailaren 16an

     

    Loturak:

    Albistea Berrian irakurri

    Albistea Garan irakurri

    Albistea ETBn ikusi (19:08)

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.