Alemanezko eredua salatu eta haur eskola euskaldunaren beharraz ohartarazi du EHEk Arrosadian. Inauteriak zirela aprobetxatuz parodia egin dute karriketan, eta Jose Ignacio Wert Espainiako ministroaren asmoak geldiarazi dituzte.
"Guk eskola euskalduna!" kanpainaren baitan, hainbat ekimen egin dituzte Iruñeko Arrosadia auzoan. Irailetik aurrera alemanezko eredua eskainiko duen Victor Pradera Ikastetxe Publikoa salatu egin dute, eta azken urteotako aldarrikapen bati segida eman diote: haur eskola euskaldunaren beharra, alegia. Pankarten bidez egin dute salaketa.
Larunbatean Arrosadia eta Azpilagaña auzoetako inauteriak zirela aprobetxaturik, parodia ere egin zuten Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak egin nahi duen erreforma salatzeko. "Arrosadia eta Azpilagañako inauterietan Wert agertu zen bertan zirenak espainolizatzeko asmoz, baina euskaltzaleek estu lotu eta ez zioten bere helburua burutzen utzi", azaldu du Arrosadiako EHEk. Ekimenarekin hezkuntza erreforma hau gelditzeko asmoa dutela agerian utzi nahi izan zuten.
|
Euskaraz bizi sarean