• 09
    MAI

    Hizkuntza gutxituen inguruko bi albiste esanguratsu iritsi zaizkigu egunotan nazioartetik. Galizan hizkuntza ardatza galegoa izango duen ‘Avoaescola’ sareko lehen haur eskola sortu dute. Aragoien, aldiz, oraindik indarrean dagoen hizkuntzen legea aldatzeko proposamena aurkeztu du PPk eta aragoierari eta katalanari babes osoa kenduko dio bertako administrazioak.

    Galizan aurrera, Aragoien atzera
    Argia.com webgunetik hartutako irudia

    Argia.com-etik hartutako albisteak:

    Ez dira katalana eta aragoiera, LAPAO eta LAPAPYP baizik (@oirureta bidez)

    Espainiako Aragoiko PPk hizkuntzen lege berria proposatu du, eta ezusterik ez bada, PARen (Partido Aragonés) laguntzari esker, aurreko hizkuntzen legea bertan behera utziko dute ostegunean, maiatzaren 9an. Lege berriaren arabera, Aragoiko administrazioak  praktikan ez ditu batere babestuko katalana eta aragoiera. Bi hizkuntzekiko jarrera mespretxugarriaren adierazgarri da hizkuntzei izena aldatzea. Ostegunean, parlamentuan PPk eta PARek bat egiten badute, ordutik aurrera katalana LAPAO (Lengua Aragonesa Propia del Area Oriental) izango da, alegia, ekialdeko aragoiera. Aragoiera berriz, LAPAPYP (Lengua Aragonesa Propia de las Áreas Pirenaica y Prepirenaica) izango da, hau da, Pirinio eta Pirinio aurreko aragoiera.

    Hizkuntza ardatza galegoa izango duen ‘Avoaescola’ sareko lehen haur eskola sortu dute (@larbelaitz bidez)

    6 urte arteko Galiziako haurrentzat hezkuntza galegoz emango duen Avoaescola proiektuko lehen eskola aurkeztuko dute bihar Ferrolen. Galicia co Galego (GcG) plataformak bi urtetan egindako lanaren emaitza da. Datorren ikasturtean irekiko ditu ateak, Praza Pública-k argitaratu duenez.


    Galiza co Galego proiektua 2010ean aurkeztu zuten eta beren buruari hezkuntza sare “herrikoi eta pribatua” bultzatzea ezarri zioten lehen helburu gisa. Ferrolgo Avoaeskola da sare honetako lehen emaitza.


    Orain arte galescola-k ziren funtzio pedagokiko hau betetzen zuten eskolak, BNG eta PSdG-ren gobernuak bultzatuta. Hala ere, PP 2009an botetera itzuli zenean, galescola programa ordezkatu egin zuen A Galiña Azul programagatik, eta egun ez dago gazteenentzat hezkuntza galegoz ziurtatuta.


    Galicia co Galego-ko kideek adierazi dute PP gobernura itzuli denetik hizkuntzaren aurka “eraso bortitzak” egin dituela eta horrengatik sortu behar izan dutela hezkuntza sistema “laikoa, plurala, demokratikoa, baloreetan oinarritua eta kalitatezkoa”, eta galegoa hizkuntza ardatz duena.


    Galizian martxan jarri nahi duten eredu honek estaturik gabeko beste hainbat naziotako hezkuntza proiektuekin antzekotasunak ditu, hala nola, Ipar Euskal Herriko Seaska, Ipar Kataluniako Bressola, Occitaniako Calandreta edo Bretainiako Diwan ereduekin.


    Iruzkinetan Txerra Rodriguezek jakinarazi digunez, lehendik bada galegoz irakasten duen eskolarik: Semente izenekoa Santiagon. Bertan izan ziren gainera Euskal Herritik joandako hainbat pertsona, esperientzia bertatik bertara ezagutzeko (hemen kronika). Ferrolgo honen berezitasuna da Avoaescola sarea izan nahi duenaren lehen fruitua dela.

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.