• 19
    EKA
    Wert legearen aurkako mobilizazioa deitu dute hezkuntza eragileek
    Hezkuntza eragileen agerraldia, Ikasle Abertzaleei flickerretik lapurtutako irudian

    'Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki. LOMCEri ez! Inposaketarik ez!' lelopean egingo dute manifestazioa urriaren 12an Bilbon. Deialdiaren atzean hezkuntza eragileek lortu duten adostasun multzoa dago. Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa garatzea, Euskal Herriarentzat curriculum propioa osatzea, ikasle eleaniztunak sortuko dituen hizkuntza eredu bakarra ezartzea, hezkuntzaren kudeaketan hezkuntza komunitatearen zein herritarren parte hartzea bermatzea eta aurreko puntuak barnebilduko dituen marko normatibo propioa sortzea daude aipatu adostasunen artean. Lehen neurri gisara, Wert legea ez aplikatzea galdegin diete Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako legebiltzar eta gobernuei.

    Hezkuntza eragileen adierazpena:

    Wert hezkuntza ministroak inposatu nahi duen LOMCE hezkuntza erreformaren aurrean, Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienok, ikasle, guraso eta langile eta beste hainbat elkarte eta erakundek, lege honekiko gure aurkakotasuna adierazi dugu azken hilabeteotako hainbat agerraldi eta mobilizazioetan.

    Adierazpen hau sinatzen dugun erakundeok guztiz baztertzen dugu inposatu nahi zaigun hezkuntza erreforma hau inposatzailea, zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista delako eta ez dugu onartzen Euskal Herrian ezartzea.

    Argi dugu, egoeraren larritasunak bultzaturik datozen inposaketa ezberdinei erantzutetik harago, Euskal Herrian gure Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzeko urratsetan aurrera egitea dagokigu. Eta hau honela, uste dugu guztiz beharrezkoa dugula eta garaia dela, inolako inposaketa etakanpo injerentziarik gabe, Euskal Herriko hezkuntza komunitate zein herritarrok gure herriak nahi eta behar duen hezkuntza sistema propioaren inguruan eztabaida eman eta eraikitzeko bidean urrats berri eta atzeraezinak ematea.

    Bide horretan, ez gara hutsetik abiatzen. Azken hamarkada luzetan hezkuntza komunitate osoak izan dugun konpromiso eta borondateari esker eta lorturiko adostasun zabala medio, inposatu nahi izan dizkiguten lege eta dekretuen gainetik bestelako hezkuntza eredu bat ehuntzen joan gara.

    Asko dugu oraindik egiteko, baina orain arteko bide hori aintzat hartuz, baditugu abiapuntu diren eta garatzeko premia dutela uste dugun adostasun zabala batzen duten oinarrizko edukiak:

    - Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa

    - Inklusibo, konpentsatzailea, integratzailea eta hezkidetzailea. Aukera berdintasunean, ekitatean eta kalitatean oinarritua.

    - Euskal Herriarentzat curriculum propioa.

    - Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen hizkuntza eredu bakarra.

    - Hezkuntza komunitate zein herritarren partaidetza demokratikoa hezkuntzaren gaineko erabaki eta kudeaketan.

    - Euskal Herrirako aurretiaz aipatutako puntuak barnebilduko dituen marko normatibo propioa.

    Hau honela, hemen bildu garen hezkuntza eragileok honakoa adierazten dugu:

    Alderdi politiko, Nafarroako eta EAEko legebiltzar eta gobernuei eskatzen diegu, LOMCEa inola ere ez aplikatzea eta aldi berean Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki ahal izateko pausoak eman eta bitartekoak jar ditzatela, kanpo injerentziarik gabe.

    Konpromisoa hartzen dugu, inposaketarik ez onartu, LOMC

    Eri aurre egin eta gure herrian aplikatu ez dadin estrategia amankomunak lantzeko. Modu berean, arestia

    n aipatutako ezaugarrien baitan, Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema propioaren bidean lan eginez bururaino eramateko konpromisoa hartzen dugu.

    Honen guztiaren abiapuntutzat, “Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCE ez! Inposaketei ez!” lemapean, Bilbon urriaren 12an herri gisa kalera atera eta hezkuntza

    sistema propioa aldarrikatzeko deia egiten diogu euskal jendarteari.

    Bilbon, 2013ko ekainaren 18an

    Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz, ELA, LAB, STEE-EILAS,

    UEU (Udako Euskal Unibertsitatea), Ikasle Abertzaleak,

    HikHasi, NIZE (Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarieen Elkartea)

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.